Galizia Eguna ari dira ospatzen gaur Iñurritza auzoan. 40 urtez Caballeira elkarteak antolatutako festak ez du hutsik egin aurten ere, ezta bertara gerturatzeko ohitura duten herritarrek. Izan ere, goraino bete da auzo horretako zelaia.
Arrazoiak ez zitzaizkien falta horretarako, bertan izan baitira egun osoan zehar Carballiñoko (Ourense) A Nogeira olagarro prestatzaileak. Olagarroaz gain, lakoia, enpanada, gazta, Santiako opilak eta taloak eskuratu ahal izan dira bertan, baita Ribeiro eta Albariño ardo zuriak, Mencia ardo beltza eta galiziar jatorriko beste hainbat produktu ere.
Gastronomia produktuez gain, Galiziako musika eta dantza ere izan dira leku horretan Masustegiko Os Agarimos eta Iruñeko Santiago Apostol taldeen eskutik. Aipatutako talde horiek jaialdia eskainiko dute hemendik gutxira, 17:00etan.