Txanda irabazi, eta hirugarren amaitu du Zarautzek etxeko estropada

Mireia Galarza Bastida 2025eko uztailaren 19a

Lehenengo postua eskuratu du San Pedrok, eta bigarrena Castreñak. Sailkapen orokorrean, aldiz, bigarren postuan kokatu da Zarautz. 

Gesalagan Okelan Bandera jokatu dute gaur eguardian KAE 1 ligako ontziek. Erlojupeko estropada izan da, bi txandatan banatuta, eta bakoitzean, seina ontzik parte hartu dute. Enbatak bigarren txandan jokatu du, Lapurdi, Pedreña, Zumaia, Arkote eta Santurtzirekin batera.

Lehenengo txandatik zertxobait aldatu da eguraldia, eta horrek ere eragina izan du emaitzetan. Hala eta guztiz ere, ederki aritu dira zarauztarrak, eta txanda irabaztea lortu dute, 22 minutu eta 8 segundu pasatxoko denbora lortuta. Txandako bigarren eta hirugarren azkarrenak izan dira Arkote eta Santurtzi. Zumaiak azken aurren egin du txanda horretan. 

Lehenengoan, aldiz, Castreña, Hondarribia, Camargo, Astillero, Deustu eta San Pedro lehiatu dira, eta azken horrek irabazi du txanda, baita estropada ere, orotara 21:48:74ko denbora erdietsita. Atzetik izan da Castreña, hamabost segundura, eta bigarren izan da estropadan. 

Horrenbestez, Zarautzek hirugarren postua eskuratu du gaurko estropadan, baina baita zaleen babesa ere, asko izan baitira itsas pasealekura gerturatu eta etxeko taldea babestu dutenak. Gaurkoarekin, sailkapen orokorrean bigarren postuan kokatzea lortu du Zarautzek.  

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide