Hirugarrengoz ari dira ospatzen egunean zehar Emakume Sortzaileen Azoka. Zarauzko Udalak eta Emakumeen Etxeak elkarlanean antolatutako ekintzan 20 postu inguru jarri dituzte, eta askotariko produktuak saldu dituzte bertan: bitxiak, argazkiak, osagarriak, margoak... Postuak Belauntza plazan eta malekoian jarri dituzte, eta asko izan dira jakin-minez postuetara gerturatu diren herritarrak.
Postuez gain, musikak alaitu du espazioa, eta arratsaldean, 17:00etan hasita, haurrentzako sormen tailerrak ere eskainiko dituzte leku horretan. Antolatzaileek sormen esparruan aritzen diren emakumeei ikusgarritasuna ematea dute helburu azokaren bitartez, haien lanari eta talentuari espazio bat eskainiz.