Bosgarren bandera Zarautzentzat

Onintza Lete Arrieta 2025eko uztailaren 19a

Zarautz Gesalaga Okelaneko neskak, gaur Orioko errioan, palak altxa eta bandera astintzen. (Onintza Lete Arrieta)

Zarautz Gesalaga Okelan nagusitu da gaur eguerdian Orioko errioan jokatutako ETE ligako erlojupekoan, eta berea da lehen postua sailkapen nagusian.

Arraunak hartu du gaur eguerdian Orioko moila ingurua, errioan jokatu baitituzte ETE eta KAE2 ligetako jardunaldiak. Eguraldia lagun, zaletu ugari elkartu da moilan nahiz errepideko zubian, eta herrigunea askotariko kolorez apainduta gelditu da. Animo oihurik ere ez dute falta izan bateko zein besteko arraunlariek. Zarautzen ere estropadak ziren arren, elastiko urdin dezente ikusi dira estropada eremuan, eta zarauztarren aldeko oihuak ere ozen entzun dira.

Erlojupean aritu dira neskak zein mutilak. 11:15ean abiatu da lehia ETEkoentzat, eta 12:00etan, berriz, KAE2koentzat. Azken horretan, Orio B trainerua da nagusi sailkapen orokorrean, baina gaurkoan ezin izan du etxeko bandera astindu, VII. Orio Kanpina Ikurrina. Bizkorrena izan da aurreneko bi ziabogetan, baina azken bigarren hirugarrengoan, eta Hibaikarentzat izan da garaipena, nagusitasunez, gainera, hamabost segundoko aldea atera baitio Oriori. Errenteriarrek 20:45,33 denboran osatu dute erlojupekoa, eta oriotarrek, berriz, 21:00,64 denboran. Portugalete izan da hirugarren, Oriogandik hogeita lau segundora.

Emakumezkoak ere erlojuaren aurka aritu dira errioan, Hernaniko arraun klubak antolatu duen estropadan. Ezustekorik ez da izan, eta ETE ligako bosgarren bandera poltsikoratu du Zarautz Gesalaga Okelanek 10:56,10 denbora eginda. Hamabi segundoko aldea atera dio bere aurkari zuzenari, San Juani; 11:08,12 denboran egin ditu lanak horrek. Kaiku izan da hirugarren, 11:14,20 denborarekin.

Bihar jokatuko dute hurrengo estropada, Portugaleten (Bizkaia), 11:00etan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide