Zarauzko EAJk eta EH Bilduk bat egin dute UEMAk biharko deitutako elkarretaratzearekin

Onintza Lete Arrieta 2025eko uztailaren 18a

Zarauzko udaletxea. Haren kanpoaldean izango da biharko elkarretaratzea.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) atzo Zarautzen bertan egin zuen agerraldia Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatu eta erabakiaren aurrean herritarrak protestara deitzeko. Gaur ohar bateratua plazaratu dute Zarauzko Udalean gehiengoa diren bi alderdiek, eta herritarrei eskatu diete bihar eguerdian mobiliza daitezela euskararen alde. UEMAren deialdiarekin bat egin du Zirika euskara elkarteak ere.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) prentsaurrekoa egin zuen atzo Zarautzen. Bertan salatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko Udal Legearen hainbat artikulu baliogabetu dituen epaia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa" dela, eta ohartarazi zuen euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen duela epai horrek. 

Horregatik, elkarretaratzeak deitu zituen larunbat eguerdirako UEMAko kide diren herrietako udaletxeen aurrean. Protestak Euskararekin bat lelopean egingo dituzte, 12:00etan. Zarautzen, Lege Zaharren Enparantzan izango da elkarretaratzea, eta UEMAren deialdiaren harira, gaur adierazpen bateratua plazaratu dute Zarauzko EAJk eta EH Bilduk –udalbatzako 21 kideetatik 19 dira alderdi horietakoak–. Goitik behera bat egin dute atzo erakundeak Zarautzen egindako adierazpenekin, eta herritarrei eskatu diete parte har dezatela biharko hitzorduan.

Zarauzko Zirika euskara elkarteak ere jakinarazi du bat egiten duela UEMAren deialdiarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide