Moilan segurtasun gomendioak emango dituzte megafonia bidez

Onintza Lete Arrieta 2025eko uztailaren 19a

Pertsona bat, moilan, uretara salto egiteko prest. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udalak bateleroen elkartearekin bildu ondoren hartu du erabakia, moilako bainu gunean segurtasuna areagotzeko helburuarekin. Jada instalatu dute megafonia azpiegitura, eta mezua ordu-erdiero entzun ahalko da, lau hizkuntzatan.

Azken bost urteetan, Zarauzko Udalak sorospen zerbitzua eskaintzen du uda sasoian moilan, hango bainu gunean segurtasuna bermatzeko. Aurten, zerbitzu horri megafonia bidezko oharra gehitzea erabaki du, segurtasuna areagotzeko helburuarekin.

Erabakia herriko bateleroeen elkartearekin bildu ondoren hartu du udalak. Hala, moilan salto egiteak izan ditzakeen arriskuez kontzientziatu eta jarraitu beharreko segurtasun neurriak zein diren azalduko dute megafonia mezu bidez. Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, zarauztarrek betidanik jo izan dute moilara bainatzera, baina azpimarratu du garrantzitsua dela segurtasun neurriak errespetatzea, arriskuak ekiditeko: “Zarauztarrak betidanik bainatu izan gara moilan, txiki-txikitatik hasita, baina kontziente gara segurtasun neurri batzuk jarraitu gabe arriskutsua izan daitekeela bertan salto egitea, eta horregatik erabaki genuen udan zehar sorospen zerbitzua moilan ere eskaintzea. Orain, megafonia bidezko mezua gehitu dugu, lau hizkuntzatan, bainua segurua izatea lagunduko duten neurriak gogoraraziz”.

Neurriak, argiak eta zehatzak

Horretarako, megafonia azpiegitura instalatu dute moilan, eta ordu-erdiero, lau hizkuntzatan –euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez–, salto egin aurretik jarraitu behar diren pausoak gogoraraziko dituzte.

Udalak esan du moilatik uretara salto egin aurretik kontuan hartu beharreko neurriak argiak eta zehatzak direla: batetik, urak nahikoa sakonera daukala begiratzea eta, bestetik, azpitik inor pasatzen ari ez dela begiratzea. "Neurri hauek jarraituz, arriskua gutxituko da baina, azkenean, salto egiteko ardura norbanakoarena da", nabarmendu du San Martinek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide