Emakume Sortzaileen III. Azoka egingo dute bihar

Aritz Mutiozabal 2025eko uztailaren 18a

Iazko Emakume Sortzaileen Azokako postuetako bat. (Guka)

Guztira, 22 postu jarriko dituzte malekoian eta Belauntzaran plazan. Hainbat diziplinatako artisau produktuak ikusteko eta erosteko parada izango da horietan.

Emakume Sortzaileen III. Azoka egingo dute bihar, Zarauzko Udalak eta Emakumeen Etxeak elkarlanean antolatuta. Sormen esparruan aritzen diren emakumeei ikusgarritasuna ematea du helburu, haien lanari eta talentuari espazio bat eskainiz. Sortzaileen postuak malekoian eta Belauntzaran plazan –Emakumeen Etxearen aurreko parkean– jarriko dituzte aurreko aldietan bezalaxe. 

Partaidetza zabala izango du aurtengo azokak ere, eta, guztira, 22 postu jarriko dituzte; sortzaile zarauztarrez gain, inguruko herrietako zenbaitek ere parte hartuko dute. Hainbat diziplinatako artisau produktuak ikusteko eta erosteko aukera egongo da: besteak beste, marrazkiak, bitxiak, paperarekin egindako lanak, margoak eta poltsak.

Egun osoan zehar egongo da zabalik azoka, eta ordutegi aldetik ez du etenik izango; 10:30etik 19:00etara bisitatu ahal izan da, hain zuzen ere. Goizean, irekierarekin batera, trikitilariek alaituko dute giroa, eta arratsaldean, berriz, haurrentzako sormen tailerrak egingo dituzte, 17:00etan hasita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide