Lehoi baten bila noa, handiena hartuko dut, ez dut beldurrik, begira zenbat lore. Kolore cardinale! Metro Goldwym Mayerreko felidoa izan da San Pedro plazaren aurrean orroa egin duena: "Habemus papam!".
Kirol hedabideen trataera epiko bera emanez, Manchester City, Bayer Munchen edo Real Madrilen udako fitxaketa izarren pareko jarri dituzte Aita Santurako hautagaiak, hurrengo urrezko baloia asmatu nahian. Nor izango da munduko bakea kudeatuko duen Leo Messi? Afrikar bati ardura emateko kontserbadoreegiak dira, baita Vatikanoa asiar baten eskuetan uzteko ere, baina agintea italiarrek berreskuratzen badute, mundu ikuskera zabala galtzeko arriskua egon daiteke. Halako eztabaidetan irudikatzen ditut nazioarteko kardinal ohoragarriak, Kristoren odola edan eta edan, helburu jakinik gabeko erabaki eldarnioetan.
"Boluntariorik ez badago, boto anonimoa emango dugu, eta tokatzen zaiona izorra dadila!". Posible litzateke inork nahi ez izatea, auzokideen komunitateko edo elkarte gastronomikoko presidente izatea tokatzen zaizunean bezala. Marroi bat! Herrialdez herrialde bidaiatzen ibili behar hori, eta aurreko Aita Santuek tradizio bihurtutako ekintzen via crucis-ak, hala nola hegazkinetik jaitsi orduko lurrari musu ematea, tokian tokiko mojei, behartsuei edota haurrei elkartasun bisita egitea, lurraldeko presidente, lehen ministro, diktadore, errege edo enperadoreakin halabeharrezko solasaldia izatea, argazkirako bada ere.
Badirudi oraingo aukeraketan geopolitikaz kezkatu direla bete-betean elizako mandamasak, eta xakeko partida izango balitz bezala, estatubatuar bat aukeratu dutela gidaritzat: Robert Prevost. AEBetako artaburua gehiegi harrotzen ari da, Putin eta Netanyahu lagunekin rambokerietan jolasten, eta arantzelak Monopolyko bigoteduna izango balitz bezala kobratu nahian, nazioarteko ekonomia popatik hartzera bidali nahian. Prevostek bere gudu izena ere azkar aurkeztu duen, ongiaren alde Jainkoaren boterearekin bere atzaparretan dagoen guztia egingo duenaren goitizena: Leon XIV.a. Ikusiko dugu zer egiteko gai den, zeren eta urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau!
Eta ez gaitzatela engainatu errenta aitorpena egiterako garaian. Urtero bezala, ogasunetik jasoko dugunaz edo ordaintzea tokatuko zaigunaz aparte, PFEZaren %0,7 nora bideratzeko aukera izango dugu, elizara edo gizarte ekintzetara. Nik ez daukat zalantzarik zer kutxatila aukeratuko dudan, baina leon-kastillo egin behar baduzu ala sinpleki leon bada zure aukera, jakin, munduko bakea ez duela lortuko pertsona bakar batek, ezta historiako erregimen politikorik zaharrenak ere. Lehoiek usotik gutxi dute.