Europako ALPS Tour zirkuituko hamar golf-jokalari profesional lehiatuko dira, uztailaren 23an, Zarauzko Golf Klubean. Bederatzi norgehiagoka jokatuko dira, lau bikoteka eta bost banaka. Partidak 12:30 eta 18:10 bitartean izango dira, eta 20:00etarako ekitaldiari amaiera ematea aurreikusten da.
Barbarians taldea (Hugo Esposito, David Salgado, Sigot Lopez, Gato Bertinotti eta Carlos Sanchez) eta Golden Lions taldea (ose Manuel Pardo, Victor Garcia Broto, Borja Martin, Jorge Maicas eta Alvaro Hernandez) ariko dira nor baino nor gehiago.
Jokalari hauetako hainbatek, nazioarteko garaipenak dituzte beraien palmaresean. DP World Tour-eko txapelketetan ere parte hartu dute, Espainiako Open-ean, esaterako.
Bertaratu nahi dutenek esteka honetan dute sarrerak erosteko aukera. Sarrerek 9 euroko prezioa daukate; Zarauzko Golf Klubeko bazkideek, aldiz, doako sarrera izango dute. Sarrerei esker lortzen den dirua L'Estelada elkarteari bideratuko diote, dibertsitate funtzionala eta osasun-arazoak dituzten Bearnoko eskualdeko haurrei laguntzeko. Gainera, sarrera erosten dutenen artean sari berezi batzuk zozketatuko dira.