Gipuzkoako gastronomian aritzen diren belaunaldi berriak saritzea helburu duten Gastronomika Talent sariak banatu zituzten atzo, asteazkenez, Donostiako Maria Cristina hotelean. Produktuaren trataeraren sarirako hautagaien artean zen Zarauzko Masta taberna, eta ondorioz, hango Javier Otxoa, Garikoitz Arruabarrena eta Judit Ayago. Hain zuzen ere, haientzat izan da aurtengo saria; atzo jaso zuten Mastako ordezkariek garaikurra.
Atzokoan hainbat sari banatu zituzten. Gastronomika Talent sarietako aurtengo epaimahaia Elena Arzak, Martin Berasategi eta David de Jorge sukaldariek osatu dute, Mikel Ubarretxena Gipuzkoako Ostalaritzako presidentearekin, Basque Culinary Centerreko zuzendaritza kide Idoia Callejarekin nahiz Guille Viglione gastronomoarekin batera.