Laburu-Iruretagoiena eta Mitxelena ahizpak, paleta txapelketako finalistak

Aritz Mutiozabal 2025eko uztailaren 16a

Bihar arratsaldean jokatuko dute finaleko partida Frontoi Txikin. Aurrez, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko norgehiagoka izango dute Martinez-Aldalurrek eta Palacios-Mateosen aurka. 

Iazko bikoteek jokatuko dute aurten ere Frontoi Txikiko Emakumeezkoen Paleta Txapelketako finala- Lorea Laburuk eta eta Jone Iruretagoienak osatutako bikoak iazko arantza kendu eta garaipena lortu nahi du. Eneritz eta Naiara Mitxelena ahizpa oiartzuarrek, berriz, txapela berretsi nahiko dute, eta ez dizkiete gauzak erraz utziko zarauztarrei.

Atzo arratsaldean geratu ziren zehaztuta bikote finalistak, finalerdietako kanporaketak jokatu ondoren. Jendez bete zen Frontoi Txikia, jardunaldia bertatik bertara jarraitzeko, eta pilotariek erakustaldi bikaina eskaini zuten. Lehen finalerdian, Laburu-Iruretagoiena 25-21 gailendu ziren Martinez-Aldalur aurka; Leire Aldalur Ane Camposen ordez aritu zen jokoan. Bigarrenean, berriz, mitxelenatarrak izan ziren nagusi Palacios-Mateosen aurka, 25-19koarekin.

Finaleko partida bihar arratsaldean jokatuko dute, baina aurrena hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko norgehiagoka izango da, 18:30ean hasita: Martinez-Aldalur eta Palacios-Mateos ariko dira aurrez aurre. Horiek amaitzean, txapelaren lehian murgilduko dira finalistak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide