Itsasertzaren zaintza sustatuko dute egunotan malekoian

Aritz Mutiozabal

Sentsibilizazio kanpaina ibiltaria. (Aiora Arriola)

Aldundiko Jasangarritasun departamentuaren eta Emaus gizarte fundazioaren eskutik, Hondartza garbia, hondartza bizia: zaindu gaur, gozatu bihar! sentsibilizazio kanpaina ibiltaria iritsiko da bihar malekoira.

Bihar iritsiko da malekoira Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuaren eta Emaus gizarte fundazioaren Hondartza garbia, hondartza bizia: zaindu gaur, gozatu bihar! sentsibilizazio kanpaina ibiltaria, aurreko astean Orioko Antilla hondartzan izan ondoren.

Egitasmoaren asmoa da herritarrak sentsibilizatzea beren eguneroko ohiturek dituzten eraginen inguruan. Horretarako, heziketa-jardueren, tailerren eta dinamika parte-hartzaileen bidez, ondorengo xedeak sustatzen dituzte: hondakinak murriztea, kontsumo arduratsua egitea eta ingurumena zaintzea.

Gainera, hondartzako materialak maileguan uzteko Gauzateka doako zerbitzua eskainiko dute, eta Emaus fundazioak eta beste eragile laguntzaile batzuek emandako joko eta tresna berrerabilgarriak eskainiko dituzte; palak, baloiak eta abar.

Kanpainak igandera arte iraungo du Zarautzen, eta hurrengo astean, uztailaren 23tik 27ra, Gatariako Malkorbe hondartzan izango da. Jarraian, Zumaiako Itzurun hondartzan, uztailaren 30etik abuztuaren 3ra.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide