Nahia Arregi judoka azpitxapeldun geratu da Espainiako Junior Mailako Kopan

Ekaitz Etxabe 2025eko uztailaren 15a

Nahia Arregi Espainiako Junior Mailako Judo Kopako podiumean. (Judo Klub Lizardi)

Uztailaren 13an jokatu zen Espainiako Junior Mailako Judo Kopa Tortosan (Herrialde Katalanak). Garrantzi handia duen txapelketa da hau, eta bertan Espainia osoko gazte promesek hartu zuten parte.

Nahia Arregi Zarauzko Judo Klub Lizardiko judokak, bigarren postua lortu zuen Espainiako Junior Mailako Judo Kopan, 57 kg azpiko kategorian. Horri esker, puntu baliotsuak eskuratu zituen 2025-26 denboraldiko ranking nazionalari dagokionez.

Larunbatean parte-hartzaile guztiek kontrolak eta pisaketak egin zituzten, eta lehiaketari igandean 9:30ean eman zitzaion hasiera. Arregi aritzen den kategorian autonomia erkidego desberdinetatik bertaratutako 21 judoka izan ziren.

Arregik maila bikaina erakutsi zuen lehen kanporaketetan, eta lehen hiru borrokak irabaztea lortu zuen: lehenik Andaluziako, ondoren Kataluniako eta azkenik Aragoiko ordezkarien aurka. Garaipen horiei esker finalerako txartela eskuratu zuen. Finalean, Valentziako judokaren aurka lehiatu zen. Final parekatu baten ostean, Arregik ezin izan zuen Valentziako ordezkaria mendean hartu, eta bigarren postuan geratu zen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide