Adur Amatriain hirugarren izan da Lacanau Pro surf txapelketan

Ekaitz Etxabe 2025eko uztailaren 14a

Adur Amatriain, Lacanau Pro txapelketan. (Masurel)

Pasa den urteko postu berdina lortu du zarauztarrak Caraibos Lacanau Pro txapelketan. Qualifying Serieseko denboraldiko lehen txapelketa izan da Lacanaukoa.

Batetik bestera dabil Adur Amatriain zarauztarra uda honetan. Pasa den astean Hegoafrikan Ballito Pro txapelketan parte hartu zuen, eta ia etxetik igarotzeko denborarik gabe, Lacanaura abiatu zen. Atzo itzuli zen handik etxera. Bertan, Qualifying Series ligako Caraibos Lacanau Pro txapelketan lehiatu da, eta hirugarren postua lortu du. Adierazi duenez, "pozik" geratu da emaitzarekin: "Aste polita izan da Lacanaun. Qualifying Serieseko denboraldiko lehen txapelketa izateko pozik nago lortutako hirugarren postuarekin".

Amatriainek, final laurdenetan Jacobo Trigo garaituta lortu zuen finalerdietarako txartela. Zarauztarrak 12,10eko puntuazioa lortu zuen. Finalerdietan, ordea, ezin izan zuen Tiago Carrique frantsesa mendean hartu, eta hirugarren postuan geratu zen.

Txapelketan lehiatzea zaila izan dela azpimarratu du Amatriainek. Izan ere, olatu "txikiak" egon dira Lacanaun. Orain datorrenerako "gogotsu" dagoela adierazi du, izan ere, uztailaren 26tik abuztuaren 3ra bitartean Lexus US Open txapelketan izango da zarauztarra, Californian, Challenger Series ligaren barruan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide