Asteburu onak izaten ari ziren Zarautz Gesalaga Okelaneko traineruentzat. Emakumeak garaipenak lortzen ari ziren eta gizonezkoak goiko postuetan, herriko arraunzaleen gozamenerako. Asteburu honetan, ordea, gauzak ez zaizkie nahi bezala atera, eta argi geratu da denboraldia luzea izango. Emakumeak hirugarren izan dira gaur Lekeition (Bizkaia), eta gizonak seigarren atzo, Plentzian (Bizkaia).
ETE ligako liderra da Zarautz, mendean hartu beharreko aurkari faboritoa. Hori antzeman egiten da gainerako traineruen artean; lehiaren oinarrizko sena hori izaten da, finean. Gaur eguerdian, astean zehar entrenatutakoa praktikara eraman dute Burdinola Banderan, eta Kaikuk eraman du saria. Hogei segundoko alde nabarmenarekin irabazi dute Sestaokoek, 12:08,41ko denborarekin; brankaz erritmo bizia jarri dute eta ildo bera jarraituz amaitu dute poparean.
Zarautzek ez dio ongi ekin, eta bigarren zihoan San Juanen lorratzaren atzetik joan da une oro. Aurkari zuzenari aldeak murriztu dizkio bigarren luzean, eta baina, azkenean, Pasaiakoak baino segundo bat geroago helmuratu dira. Horrenbestez, ligako sailkapen orokorrean, puntutxo batzuk jan dizkiote aipatu biek Zarautzi. Nolanahi ere, Enbatak lehen postuan jarraitzen du 68 punturekin; San Juan bigarrena da, 63 punturekin, eta Kaiku hirugarren, 60 punturekin.
Bost segundoren bueltan
KAE 1 mailakoek Plentzian jokatu zuten atzo ligako laugarren traineru jardunaldia, eta Itsasoko Amak parekorik ez duela erakutsi zuen beste behin. Nagusitasunez irabazi zuen bere txandan, 21:34,01eko denborarekin, eta ondorengo faboritoei –goiko postuetan dabiltzan ontziei– hamar segundotik gorako aldea atera zien. Zarautz Gesalaga Okelan traineruak, ordea, ez duen arratsalderik onena izan, eta laugarren bukatu zuen bere txandan, 23 segundo galduta; Zumaia eta Arkoteren atzetik, hurrenez hurren.
Jaurdinaldiko sailkapenean, ordea, seigarren postuarekin konformatu behar izuten Zarauzko gizonezkoek. Bigarren txandan aritutakoek ere denbora lehiakorrak erregistratu baitzituzten, eta horrek eragina izan zuen eguneko klasifikazioan. Bost segundoko alde eskasagatik, baina, Pedreñak eta Lapurdik aurrea hartu zioten Enbatari –Kantabriakoak laugarren kokatuz, eta Ipar Euskal Herrikoak bosgarren–.
Ondorioz, ligako sailkapen orokorrean mugimenduak egon dira, eta une honetan Zarautz hirugarrena da 54 punturekin; aurretik Arkote du, puntu bat gehiagorekin, eta atzetik Zumaia, 51 punturekin.