Erabakita geratu dira Frontoi Txikiko paleta txapelketako finalerdiak

Ekaitz Etxabe 2025eko uztailaren 13a

Osteguneko partiden ostean, Mitxelena ahizpak eta Leire Paredes eta Yolanda Mateos ere finalerdietara sailkatu dira. Elkarren aurka jokatuko dute kanporaketa asteartean. Beste finalerdian Lorea Laburu eta Jone Iruretagoiena lehiatuko dira Ane Campos eta Karmele Martinezen aurka.

Aurrera doa Frontoi Txikiko Emakumezkoen XVII. Paleta Txapelketa. Ostegunean bigarren jardunaldia jokatu zuten, eta bi partida izan ziren. Lehenengo partidan Eneritz eta Naiara Mitxelena ahizpak lehiatu ziren Maddi Etxaberen eta Oihane Etxaideren aurka. Mitxelena ahizpak aise nagusitu zitzaizkien Etxaberi eta Etxaideri, 25-8eko emaitzarekin. Bigarren partidan, Jone Azkoaga eta Vero Davila Leire Paredes eta Yolanda Mateosen aurka lehiatu ziren, eta Paredes-Mateos nagusitu ziren, 15-25ekoarekin.

Txapelketako lehen jardunaldia asteartean jokatu zen, eta bertan, Lorea Laburu-jone Iruretagoiena eta Ane Campos-Karmele Martinez nagusitu ziren beraien partidetan. Beraz, osteguneko norgehiagoken ostean, zehaztuta geratu da zein lau bikotek jokatuko dituzten finalerdiak.

Datorren asteartean izango dira finalen aurreko kanporaketak, 18:30ean hasita, Frontoi Txikin bertan. Lehen finalerdian astearteko garaileak arituko dira elkarren aurka: Lorea Laburu-Jone Iruretagoienaren eta Ane Campos-Karmelen Martinezen artean jokatuko dute txartela. Bigarren finalerdian, berriz, osteguneko garaileak neurtuko dituzte indarrak: Eneritz eta Naiara Mitxelena ahizpak Leire Paredes-Yolanda Mateosen kontra.

Final nagusia uztailaren 17an, datorren ostegunean, jokatuko dute, baita hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide