Helena Elbustoren 'Posturak: Nimphaea Lotus' erakusketa ikusgai, Torre Luzean

Ekaitz Etxabe 2025eko uztailaren 14a

Helena Elbustoren lanetako bat. (Utzitakoa)

Artista donostiarrak azken bi urteetako lanaren lagina jarri du erakusgai. Paperez, alanbrez eta erretxinez ekoitzitako eskultura malguak dira, naturan ardatz dutenak.

Ostegunean inauguratu zuten erakusketa berria Torre Luzeako aretoan, eta, oraingo honetan, Helena Elbusto donostiarraren Posturak: Nimphaea Lotus proposamen artistikoa paratu dute. Azken bi urteetan zehar egindako ikerketa lanaren laburpena eraman du artistak aretora, eta forma ezberdinak hartzeko gaitasunari esker, eskultura bat nola transmutatu daitekeen erakusten du. Horretarako, papera, alanbrea eta erretxin batzuk uztartzen ditu, artelan moldagarri eta malguak lortzeko.

Erakusketa honen bitartez, gizakiak eta naturak moldatzeko eta egokitzeko nolako gaitasuna duten pentsaraztea da Elbustoren asmoa. Horretarako, Nimphaea Lotus landarea erabili du oinarri gisa, sinbolikoki adierazten duen guztiagatik. "Bere lorea egunsentian ireki eta ilunabarrean itxi egiten da uretan murgilduta, gero egunez uretatik irten eta irekitzeko. Horrela gogorarazten digu bizitzaren zikloa heriotzara arte", aditzera eman du artista donostiarrak erakusketaren katalogoan.

Erakusketa ikustera joan nahi dutenek irailaren 14ra arte izango dute horretarako aukera: asteartetik igandera egongo da ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide