Iritsi dira Vista Alegreko festak: gaurtik hasi eta igandera arte ospatuko dituzte auzoko jaiak, eta egitarau oparoa ondu dute hiru egun horiez gozatzeko.
Gaur, 19:00etan hasiko da festa giroa Vista Alegren, txupina botata. Jarraian, buruhandiak aterako dira kalera, eta korrika egiteko gogo askorik ez dutenek dardo txapelketan parte hartu ahal izango dute. Gainera, sardinak prestatuko ditu auzoko jai batzordeak, eta bertaratzen den orok dastatu ahal izango du. Iluntzea ongi girotuta egongo da: bertsolarien saioa izango da, eta, jarraian, musika jarriko dute bozgorailuetatik, gaua luzatu nahi dutenentzat.
Bigarren egunean, bihar, dianak esnatuko ditu auzotarrak, eta, jarraian, haurrentzako marrazki lehiaketa egingo dute. Eguerdi partean, berriz, krosa jokatuko dute Torreoian. Behin hori amaituta, haurren zein helduen bazkaria egingo dute, indarrak berreskuratu eta festarekin jarraitu ahal izateko. Haurren menua zizka-mizkak, makarroiak eta izozkia izango da; helduek zizka-mizkak, errusiar entsalada, txahal masailak, postrea, kafea eta edaria izango dituzte.
Igandean amaituko dira festak Vista Alegren, baina iluntzera arte askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute auzotarrek. Eskulanak zein gorputz margoketa eta apar festa egingo dituzte umeek, eta eguerdia trikitilariek girotuta egongo da. Arratsaldean, saskiratze eta penalti txapelketetan trebeak direla erakutsi beharko dute, eta toka txapelketa ere jokatuko dute. Festak agurtu aurretik, Slow Blues Band taldeak kontzertua eskainiko du.
Egitaraua:
Gaur, ostirala
- 19:00. Txupinazoa, buruhandiekin.
- 19:15. Dardo txapelketa.
- 20:00. Sardina jana.
- 21:30. Bertsolariak eta musika.
Bihar, larunbata
- 10:00. Diana.
- 10:15. Marrazki lehiaketa.
- 12:00. Torreoian krosa.
- 14:30. Haurren bazkari herrikoia.
- 15:00. Helduen bazkari herrikoia eta bingoa.
- 15:30. Futbolin junior txapelketa.
- 16:00 - 19:00. Puzgarriak.
- 18:30. Vista Alegreko igogailuen inaugurazio girotua.
- 20:00. Patata tortilla lehiaketa.
- 22:00. Paxo bakarrizketa.
- 23:00. Radio Rebelde.
Etzi, igandea
- 10:30. Diana.
- 10:30. Eskulanak eta gorputz margoketa.
- 12:00. Apar festa.
- 12:30. Trikitilariak eta saltsa.
- 16:30. Saskiratze eta penalti txapelketa eta txokolatada.
- 17:30. Toka txapelketa.
- 19:00. Slow Times Blues Band.
- 21:00. Festa amaiera traka.