Sailkapenaren goikaldean jarraitzeko bi hitzordu dituzte 'Enbata' traineruek asteburu honetan

Intza Trula 2025eko uztailaren 11

Zarauzko gizonezkoen trainerua, Gipuzkoako txapelketan. (Intza Trula)

KAE1 ligako mutilen traineruak larunbatean jokatuko du estropada, Plentzian, eta igandean ETE ligako emakumeen txanda izango da, Lekeition.

Denboraldi hasiera bikainari jarraipena eman nahi diote ZAEko Enbata traineruek, eta horretarako bi hitzordu dituzte asteburu honetan: larunbatean gizonek jokatuko dute estropada, KAE1 ligan, eta igandean emakumeak lehiatuko dira, ETE ligan.

Hain zuzen ere, Plentziako XXXVI. Ikurrina izango dute jokoan gizonezkoek, eta guztia ematera atera beharko dute sailkapeneko bigarren postuari heltzeko. 18:00etan hasiko da estropada, Plentzian (Bizkaia), eta KAE1 ligako seigarren jardunaldia izango da.

ETE ligari dagokionez, Lekeitioko (Bizkaia) uretan lehiatuko dira arraunlariak, 11:00etatik aurrera. I. Burdinola Bandera irabaztera aterako da Zarauzko trainerua, lehen postua mantentzeko nahiarekin. ETE ligako zazpigarren jardunaldia izango da honakoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide