Ikus-entzunezko zein idatzizko hedabideek giza krisi handietan izan duten eraginaz hitz egingo dute gaur Photomuseumen. Museoak sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako kultur hedapenerako Gela programaren barruan izango da, 18:00etan hasita, eta doako sarrerarekin.
Bereziki, Irlandako Gosete Handiari (1845–1851) erreparatuko diote. Grabatuek, prentsa-artikuluek eta lehenengo argazkiek herritarren sufrimendua dokumentatu zuten. Errepresentazio horiek erantzun desberdinak sortu zituzten: nazioarteko elkartasunetik hasi eta Britainia Handiko agintarien axolagabekeria eta jarrera hotza, esaterako.
Hondamendia ez zen soilik naturala izan, inpaktu politiko sakona izan baitzuen. Britainiar gobernuaren utzikeriak kolonialismoaren menpekotasun-sentsazioa indartu zuen, eta hamarkada batzuetara, Irlandaren independentziaren aldeko mugimendua piztu zuen.