"Bat, bi hiru, Queens!". Sendo egiten dute garrasi partida hasteko segundo batzuen faltan, alde batetik taldeko jokalariak elkar motibatzeko, eta bestetik aurkariari ohartarazteko txantxa gutxi egin ahalko dutela beraiekin. Zarauzko Eskubaloi Taldeko emakume beteranoen taldea da ZAST Queens, eta aurten jokatu du bere lehen denboraldia, sekulako maila erakutsiz. "Harrotasun osoz esan behar dugu señora talde bat garela", nabarmendu du taldeko jokalari Garbiñe Aizpuruk: "Uste dut jendeak aurreiritziekin etortzen dela gure partidak ikustera, beste zerbait esperoko balu bezala. Baina jokatzen ikusten gaituenean, fundamentuz aritzen garela konturatzen dira, eta gustuko dugu ondoren hori aitortzea ere". Eman behar den guztia ematen dute epaileak baloia airera botatzen duen une beretik, "betiere, kontuz, eta minik hartu gabe, baina borrokarako beti prest!".
Gauza guztiek bezalaxe, ZAST Queens taldeak badu bere sorburua, eta ez nolanahikoa. Ezerezetik abiatuta elkar antolatzen hasi, eta hutsetik guztia eraikitzerainokoa, hain zuzen ere. Zarauzko taldekide eta bizilagun Maider Sagredo donostiarrak jakin zuen Donostian emakume beteranoen talde bat elkartu zela saskibaloian jokatzen hasteko. Saski Axular Beteranak zen talde hori, eta haiekin hitz egin ondoren, ZAST Zarauzko Saskibaloi Taldearekin harremanetan jarri zen, herrian antzerako zerbait egitea proposatzeko. "Jokalari ohiekin harremanetan jarri zen kluba, eta Whatsapp bidez jendeari idazten hasi ginen gure asmoen berri emanez", kontatu du Ainara Zabala jokalariak. Egindako deialdiak erantzun aparta izan zuen; jende ugari animatu zen.
Proposamena 2023ko Gabonen buelta egin zieten, eta ZAST Queens taldea 2024ko otsailaren 14an sortu zuten ofizialki, San Valentin egunez. "Data hori dute efemeride gisa", aho batez hartutako erabakia. Horrela hasi ziren entrenatzen eta "patxangak" egiten, eta konturatu ziren jendea gogotsu zegoela eta, agian, ez zeukatela horretara bakarrik mugatu beharrik. Horrela, proiektuari serioago heltzea erabaki zuten.
Elkartu ziren guztiak saskibaloiko jokalari ohiak izan ziren, urte askoan lehian ibilitakoak eta kirola bera ongi menderatzen zutenak. "Elkarrekin jokatzen hasi eta berehala ohartu ginen gustuko genuen ideia bat zela, eta proiektuari adarretatik heldu eta aurrerapausoa emateko prest geundela", gogora ekarri du Zabalak. Baina kontuak zer ziren, emakume beteranoen mailan Gipuzkoan ez zegoen ligarik; Araban eta Bizkaian, aldiz, bai.
Liga sortu beharra
Beste klub batzuen aurka partidak jokatzeko ezintasunaren aurrean, ZAST Queens eta Saski Axular Beteranak taldeak Gipuzkoako Saskibaloi Federazioarekin bildu ziren egoeraz hitz egiteko. "Federazioak esan zigun hirugarren talde bat lortuz gero, liga martxan jarri edo ez pentsatuko zutela. Hori horrela, Gipuzkoako klubei aukeraren berri azaltzen hasi ginen, eta gure sorpresarako, zortzi talde izan ginen izena eman genuenak". Zarauzko emakumeak oso pozik daude beste klubek egindako ahaleginagatik eta euren deiari emandako erantzunagatik; izan ere, Araban eta Bizkaian hiruzpalauna taldek jokatzen dute, eta Gipuzkoan, estreinako denboraldian, haien kopuruak bikoiztu dituzte. "Izugarria iruditzen zaigu, benetan!"
Gipuzkoak emakume beteranoen lehen liga, beraz, ondorengo taldeek osatu dute: Añorga KKE Saskibaloia, Arri BKL, Saski Axular Beteranak, Hondarribia Ikasbasket, Donosti Dolphins, CD Internacional, Mondragon Unibertsitatea eta ZAST Queens. Ligaren funtzionamenduarekin ez ezik –hilean behin jokatu dituzte partidak–, zarauztarrak oso pozik daude eman duten mailarekin ere. "Era berean, benetan gustura gaude geure artean sortu den adiskidetasunagatik. Horri esker, beste aldarte batekin joan gara partidak jokatzera, eta horrek eragina izan du kantxa barruan", zehaztu du Zabalak.
Jokalarieko batzuk sasoiko iritsi ziren taldera, baina beste batzuek –batik bat, urte luzez jokatu gabe egondakoeak– denbora gehiago behar izan zuten martxa hartzeko. Horrez gain, lesio batzuk ere izan zituzten tartean. Dena dela, ligak aurrera egin ahala, talde osoa hasi zen behar bezala funtzionatzen. Adinari dagokionez, tarte nahiko zabala dago beraien artean, 30 urte eskas dituzten jokalarietatik hasi eta ia 50 urte dituztenetara arte. "Gutxiengoak dira 30 urteen bueltan dabiltzanak; gehiengoa 40 urtetik goragoak gara", nabarmendu du Garbiñe Aizpuruk irribarre batekin: "Taldea heterogeneoa da".
Aizpuruk dio egokitzapena gehiago izan dela "aurrez elkarrekin aritutakoak eta berriak elkarrengana ohitzea". Haren esanetan, "denbora behar izan dugu talde bezala osatzen joateko". Sasoi batean kapitainak izan zirenen arteko talkarik ez dute bizi izan, eta talde barruko rolak "modu naturalean" definitzen joan direla azaldu du jokalariak. "Alde horretatik, oso ongi moldatu gara".
Kirol talde baten atzean, gidari eta prestatzaile gisa, beti egon ohi da entrenatzaile bat. ZAST Queensek, aitzitik, ez du halakorik izan; ez, behintzat, titulu edo kargu horrekin. Beraien kabuz aurrera eraman dute guzti-guztia. "Taldean badira pare bat pertsona ardura hori beren gain hartu dutenak. Lesioak medio, Ainarak berak hartu zuen hasiera batean entrenatzaile rola, eta osatu zenetik, aldi berean entrenatzaile eta jokalari izatea erraza ez denez, ahal izan dugun moduan konpondu gara".
Zalantzarik ez dago gauzak oso serio hartu dituztela: "Etxean horixe bera esaten didate, dena primeran egiten dugula, gauza bat izan ezik: saskibaloia serioegi hartzen dugula. Nik uste dut lehiarako sena ateratzen zaigula, ez dakigula beste modu batera jokatzen, baina komeni zaigu ikastea partida bat galtzeak ez daukala horrenbesteko garrantzirik. Azkenean, iruditzen zait garrantzitsuena norbere buruarekin asebeteta eta gustura sentitzea dela".
Entrenamenduetan ere saiatu dira zorrotzak izaten, baina beti ez dela erraza izan aitortu dute Zabalak. "Jokalari bakoitzak bere bizitza du, bere eginkizunak, konpromisoak eta egoerak, eta tamalez astean zehar ez gara asko izaten entrenatzeko elkartzen garenak. Asteburuetan beste saio bat egiten dugu, eta hor jada mordoxka bat izaten gara".
Ikasketa bat
Ligako sailkapenean lehen postuan bukatu du ZAST Queensek, nahiz eta gero apirila bukaeran Zarauzko Lizardi kirol aretoan jokatu zuten lauko finalean ezin izan zuten garaipena lortu. "Liga erregularra oso ongi joan da, eta lortutako emaitzak oso onak izan dira. Denboraldiaren hasieran guk geuk ere ezin genezakeen pentsatu halakorik lortuko genuenik", onartu du Aizpuruk. Nolanahi ere, badaukate "amorru moduko bat" erraietaraino sartuta: "Norgehiagoka bat galdu genuelako ez gara iritsi nahi amesten genuen lekura". Dena dela, "ikasketa bat " izaten ari dela iritzi dio jokalariak, eta hortik aterako dituztela ondorioak: "Ziur datorren urteari begira lagungarri izango zaizkigula".
Queenseko taldekideak oso eskertuta daude lauko finalean Lizardi kirol aretoan bizitakoarekin, eta, batik bat, bertaratutako jende guztiarekin; etxekoek, gertukoek eta herritarrek emandako babesarekin, hain zuzen ere. "Jendea ilusioz ikusi genuen harmailetan guk kantxan eskaini genuenarekin, eta horrekin ere harro egon behar dugu. Pena izan zen emaitza, eta finalerdia gainditu ez izana. Ez dakit geure buruari jarri genion presioagatik edo zergatik izan zen, baina normalean egiten ez ditugun akatsak egin genituen, eta gauzak ez zitzaizkigun nahi bezala atera".
Saski Axular Beteranak hartu zuen mendean ZAST Queens finalerdian, 44-48ko emaitza estuarekin, eta igandeko finalean ere Axularkoak izan ziren nagusi donostiarren arteko derbian, Añorgaren aurka 39-26 irabazi ondoren. Finalerdian, Añorgak ere estu lortu zuen garaipena, 57-54ko emaitzarekin, Arri BKL taldearen aurka.
Finalaurrekoan geratu zitzaien zapore garratza arintzen hasita, lehendabiziko urtea abiapuntua baino ez dela adierazi du Ainara Zabalak: "Datorren denboraldiari begira, zortzi talde baino gehiago izango garela diote. Guk, behintzat, oso ongi pasatzeko eta gozatzeko asmoz ekingo diogu bigarren urteari".
Aizpuruk gaineratu du bi talde gehiago izan daitezkeela bigarren denboraldian, hamar guztira. Talde kopurua handitzeak egutegian moldaketak sor ote ditzakeen zalantzak ditu: "Orain arte hilean behin jokatu ditugu partidak, baina ez dakigu aurrerantzean maiztasun horri eutsiko diogun edo sarriago jokatu beharko dugun. Egia da gure kategoria eta dugun konpromisoa oso neurrira diseinatuta daudela; beraz, ikusi egin beharko dugu aldaketarik izango dela ala ez".
ZAST Queens taldearen etorkizun hurbilaz, berriz, Aizpuruk aditzera eman du akaso norbait gehiago animatu daitekeela jokatzera, "baina argi daukagu aurten aritu garen jokalariok jarraitu egingo dugula". Azken finean partida hasi baino ez da egin: "Bat, bi hiru, Queens!"


