Behatxuloa

Itxaropena

Alex Gurrutxaga 2025eko uztailaren 13a

Patxi Unzurrunzaga eta Inazio Ezimendi 'Basarri' bertsolaria mahai batean, 1950eko hamarkadan. (Itxaropena)

Ekaineko Zarautz Guka aldizkariko Behatxuloa atalean Alex Gurrutxagak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Euskal Pizkunde garaian, 1932an sortu zen Itxaropena Zarautzen. Inprimategi gisa abiatu zuen ibilbidea, euskal kulturgintzaren loraldi une batean. Gero, frankismoaren urte beltzenetan, argitaletxe ere izan zen, transmisio eta militantzia lan ikaragarria eginez. Eta gerora, berriz ere inprenta gisa aritu da. Aurten entzun ahal izan da, azken aldiz, Itxaropenako makinen hotsa.

Lerro asko beharko genituzke Itxaropenak egin duen ekarpena deskribatzeko. Zenbat eta zenbat XX. mendeko literatur lan inportante argitaratu dituzten Unzurrunzaga familiak eta bertako langileek: Orixe, Lizardi, Salbatore Mitxelena, Santiago Onaindia, Jon Etxaide, Martin Ugalde, Gabriel Aresti eta beste hainbat. Itzulpenak ere bai: Cervantes, Baroja, Hemingway eta abar. Lan horietako asko Kuliska sorta enblematikoan.

Itxaropenak frankismo garaian egin zuen lanari buruz, ezin argiago esan zuen Basarrik: "Garai artan, euskeraz zerbait irakurri nai zunak, Itxaropena Argitaldariarengana jo bearra zeukan". Ildo bereko hitzak dira Joan Mari Torreldairenak ere (Artaziak liburuan): "Ez genuke zalantza handirik urte hauetako argitaletxe bat izendatu beharko bagenu". Eta geroztik ere askotariko lanak inprimatu dituzte. Literatura ere bai, jakina. Esaldi batean esateko: euskal literaturaren historian Itxaropena ezinbesteko izena da.

Omenaldiak ez zaizkie falta izan, baina, azken urteetan, lana bai. Berria egunkarian, Itziar Ugartek hiru orriko erreportajea eskaini die enpresaren ibilbideari eta itxierari, eta tartean Pello Unzurrunzagaren hitzak jaso ditu. Hainbat faktore aipatzen ditu Pellok, eta, azkenean, ondorioa: "Lana falta da, hori izan da azken urteotako zera larria". Nire uste apal eta kritikoan, Itxaropena bezalako inprenta batek lana falta baldin badu, denok eduki dezakegu zer pentsatua.

Utzidazue ohar pertsonal batekin amaitzen. Testu honen aurretik, hainbat aldiz idatzi dut Itxaropenari buruz, baina ez nuen asko espero itxierari buruz ere idatziko nuenik. Egin dizkioten aitortza guztiak ondo mereziak ditu Itxaropenak, ez dago dudarik. Izan ere, inoiz kitatu ezingo dugun zorra daukagu euskaldunok; zor ederra, ordea. Lerro oker hauetatik, besarkada bat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide