Musika elektronikoa "gaueko iluntasunetik hondartzako argitasunera" eramango duen jaialdia, larunbatean

Juan Luis Romatet 2025eko uztailaren 9a

Kaiolatik jaialdiko irudia. (Utzitakoa)

Kaiolatik jaialdia egingo dute larunbatean Zarauzko malekoiko gune horretan. Ohi bezala, Elektropeña eta Rubio arituko dira musika jartzen, arratsaldean hasi eta gauera arte. 

Urteroko legez, musika elektronikoa entzun eta harekin dantza egiteko parada izango da uda partean Zarautzen. Datorren larunbatean, uztailaren 12an, egingo dute aurtengo Kaiolatik musika jaialdia, Borghetton, eta ohi bezala, Elektropeña eta Rubio arituko dira malekoiko gune horretara inguratutako jendea dantzan jartzen. Jaialdia 18:00etan hasiko da eta 23:00ak arte iraungo du. 

Aurreko urteetako formatu bera izango dela aurreratu du Jon Peñagarikano Elektropeñak, jaialdiko sustatzaileak. "Rubio eta biok arituko gara musika jartzen. Azken finean, urteko une politenetakoa da. Gure ideia izan zen [Arraio] irratiko Kaiola malekoiko kaiolara pasatzea". Jai hori betiere Gaztetxearekin elkarlanean egiten dutela ere gaineratu du antolatzaileak, "kalean gure eta festa autogestionatuen presentziak aldarrikatuz". 

Jaialdi horren bidez musika elektronikoa "gaueko iluntasunetik hondartzako argitasunera" eramatea ere badute helburua. Aukeratuta ordutegiarekin, "ume, heldu edo zaharren" modurako testuinguru aberatsa sortzen dela ere iritzi dio Peñagarikanok. Arrazoi horiek guztiengatik, "balio eta esanahi handiko" festa bihurtzen dela ere uste du. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide