Bihar arratsaldean abiatuko dute Frontoi Txikiko Emakumezkoen XVII. Paleta Txapelketa, eta lehenengo jardunaldian bi partida jokatuko dituzte; Frontoi Txikin bertan izango dira neurketak, 18:30ean.
Lehenengoan Lorea Laburu eta Miren Lertxundi lehiatuko dira Jone Iruretagoiena eta Lide Mendizabalen aurka. Bigarrenean, aldiz, Saioa Iraolak eta Maialen Manterolak jokatuko dute Ane Campos eta Karmele Martinezen aurka.
Bigarren jardunaldia ostegunean jokatuko dute, hilaren 10ean. Oraingoan, lehen partidan Eneritz Mitxelena eta Naiara Mitxelena lehiatuko dira Maddi Etxabe eta Oihane Etxaideren aurka. Bigarren partidan, berriz, Jone Azkoagak eta Vero Davilak jokatuko dute Leire Paredes eta Yolanda Mateosen aurka.
Datorren astean, uztailaren 15ean, finalerdiak jokatuko dituzte, eta uztailaren 17an, hirugarren eta laugarren postuak eta final nagusia. Iaz Naiara eta Eneritz Mitxelena ahizpa oiartzuarrek irabazi zuten txapelketa.