Zumaiakoarekin, laugarren bandera irabazi du Zarautzek ETE ligan

Juan Luis Romatet 2025eko uztailaren 6a

Zarauzko emakumeak, arraunak altxata, Zumaian irabazitako bandera astintzen. (Juan Luis Romatet)

ETE ligako puntuagarria den bandera irabazi dute Zarautz Arraun Elkarteko emakumeek gaur, Zumaian, eta sailkapenean lider mantentzen dira. Gizonak hirugarren izan dira KAE 1 ligako estropadan, itsasoaren egoerak baldintzatu duen estropadan. 

Zumaiak hartu ditu gaur eguerdian ETE eta KAE 1 ligetako estropadak. Ezustez betetako jardunaldia izan da. Horietatik lehena, formatu aldaketa. Linean jokatu behar zuten estropada azkenean erlojuaren aurkakoa izan da, balizak bere lekuan jartzeko antolakuntzak izandako arazoengatik. Ostiraletik aritu dira estropada eremua prestatzen, baina ezinezkoa izan zaie laugarren baliza bere lekuan jartzea. Hori dela eta, goizean egindako ordezkarien bileran Zumaiako estropadak erlojupekoak izatea adostu dute. 

ETE ligan lehian ari diren bederatzi ontziak txanda berean aritu dira, minutu bateko tartearekin bata bestearekiko. Atzo Sestaon izan zen modura, Zarautz nagusi izan da gaur Zumaian, 12 segundoko aldea atereaz bigarren egin duen Kaikuri. Ligako lehen lau jardunaldietan aurkari nagusi izan duen San Juan gaur ere hirugarren izan da, zarauztarrekiko 15 segundora. Zarautzek 11:43,03 denbora egin du, 11:55,09 Kaikuk eta 11:58,76 San Juanek.

Ligako sei estropada jokatuta, sailkapeneko buruan dago Zarautz 52 punturekin. Bigarren da San Juan 48rekin eta 42 punturekin hirugarren Kaiku.

Gizonetan sorpresa

KAE 1 ligako estropada hastearekin batera, itsasoaren egoerak okerrera egin du. Seina ontziko bi txandatan aritu dira traineruak, eta lehen txandatik bigarrenera igarri da aldaketa. Datu batek garbi uzten du gaurko estropadan bizitakoa: orain arte dominatzailea garbia zen eta jokatutako lau banderak irabazi dituen Santurtzi zortzigarren izan da Zumaiako hitzorduan. Haren atzetik borroka bizian zeuden hiru ontzietatik bakarrak lortu du aurreko postuetan egotea, hirugarren egin duen Zarautz, hain zuzen. Arkote bosgarren izan da, eta etxean aritu den Zumaiak hamargarren postuarekin konformatu behar izan du. 

Trapaia artean, lehen txandan aritu den Pedreña izan da irabazlea, 22:54,54 denborarekin. Bigarren Duesto izan da (23:13,49), eta Zarautz hirugarren (23:17,15). 

Estropada gorabeheratsu horren ondoren, Santurtzik jarraitzen du buruan, 53 punturekin; Zarautz da bigarren, 47 punturekin, Arkote hirugarren, 45 punturekin, eta Zumaia laugarren, 40 punturekin.

Harrera arratsaldean

Asteburu honetan bi bandera irabazi dituzten Zarauzko emakumeei harrera egingo diete herritarrek gaur arratsaldean. 19:00etan izango da, Lege Zaharren enparantzan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide