Sestaon nagusi izan da Zarauzko trainerua eta denboraldiko hirugarren bandera irabazi du

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 5a, 18:56

Zarautzko trainerua, Astilleron bandera irabazi zuen unean.

Nagusitasun handiarekin irabazi dute zarauztarrek gaur Sestaon jokatutako estropadan. Bihar Zumaian izango dute lana, eta lortzen duten emaitza lortzen dutela ere, harrera egingo diete bihar, igandean, 19:00etan.

ETE ligako bosgarren bandera jokatu dute gaur goizez Sestaon. Bizkaiko hiri horretako udalaren bandera izan da jokoan, eta orain arteko estropadetan izandako berdinketa hausteko gogoz hurreratu dira Zarautz Arraun Elkarteko emakumeak. Gaur arte nor baino nor ibili dira Zarautz eta San Juan; biek ere bina bandera irabazi dituzte, eta sailkapen orokorrean 34 puntura berdinduta zeuden. 

Gaur, ordea, Zarautz nagusi izan da Sestaon jokatutako estropadan. Lehen metroetatik aurrea hartu dute urdinek, eta ziabogan 5:45 denborarekin. Bigarren izan da etxeko kluba, Kaiku, 5:51 denborarekin eta hirugarren gaur atzetik ibili den San Juan (5:59). Bueltako luzean aldea mantendu egin du, eta erraz irabazi du bandera Zarautzek, 10:53,97 denborarekin. Bigarren izan da Kaiku (11:00,29) eta hirugarren San Juan 11:15,57).

Sailkapenean lehena jarri da Zarautz, 43 punturekin. Bigarren da San Juan bi puntu gutxiagorekin (41) eta hirugarren Kaiku 35 punturekin. 

Bihar Zumaian izango dute ETE ligako estropada, denboraldiko seigarrena. Zumaiako Bandera goizeko 11:00etan hasiko da eta itsasoan jokatuko dute. 

Harrera bihar

Zumaian egingo duten lanaren zain egon gabe, Sestaon lortutako banderarengatik harrera egingo diete arraunlariei, 19:00etan, Lege Zaharren enparantzan. Sestaoko banderari Zumaiakoa gehitzen badiote, poza bikoitza izango da zarauztarrentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide