Karmele Agirrezabala, Sara Etxart eta Maribi Gorozmendi abandonatutako haur izandakoen senideak dira. Urteak daramatzate euren amonaren, birraitonaren eta aitaren jatorriaren bila. Gipuzkoako Foru Aldundiak gordeta ditu haien senitartekoen artxiboak, baina ez diete dokumentuok eskuratzeko baimenik ematen. Diputazioak arrazoitu du soilik abandonatutako haur izandakoek eska dezaketela gurasoei buruzko informazioa. Ahaideek Arartekora jo dute laguntza eske, eta esan dute ez dutela etsiko euren familiei buruzko dokumentuak lortu arte.
Karmele Agirrezabalaren amona 1892an abandonatu zuten, Donostiako Casa Tornon, haurra zela. Hura jaso eta hurrengo egunean bataiatu zuten, Donostian bertan, eta Tolosako Bedaiora eraman zuten gero. Agirrezabalak orain zazpi urte pasatxo jakin zuen amona tornuko haurra izan zela, ama hil eta haren erregistroan "aitona-amona ezezagunak" zituela irakurri zuenean. Esan du "kasualitatez" jakin izan duela amonari buruz dakiena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez diola baimenik eman jasota duten espedientea irakurtzeko.
Bedaioko elizako erregistroei esker jakin zuen Agirrezabalak amona zer baserritan hazi zen. Hala jakin zuen hura 9 urte bete arte egon zela han, baina bilobak kontatu du ez dakiela beste ezer; ez baitu daturik 1918an amona Leaburun ezkondu zen arte. Agirrezabalak aldundiaren Gizarte Politiketako Departamentura jo zuen, amonari buruzko informazio eske. Jakinarazi zioten espediente bat bazegoela baina ez zuela baimenik amonaren informazioa eskuratzeko. "Diputazioan esan zidaten amonak ez zuela idatzita utzi berari buruzko informazioa emateko baimena, eta, beraz, ez nuela eskatutakoa jasotzeko eskubiderik", esan du Agirrezabalak, baina uste du ezinezkoa zela amonak baimena idatzita utzi izana: "Nola utziko zuen idatzita, idazten ere ez zekien eta...". Aurkez zitzakeen helegite guztiak aurkeztu zituen bilobak, baita gora jotzeko errekurtsoa ere. Baina "interes legitimorik" ez zuela argudiatu zioten. Halere, Agirrezabalak dio baduela interesa: "Amonarekin dudan ahaidetasunak justifikatzen du nire interes legitimoa, eta, gainera, denbora luzea pasatu da harrezkeroztik". Haren amona 1927an hil zen.
Ordutik, urteak pasatu ziren Karmele Agirrezabalak prentsa bidez Arartekoaren berri izan zuen arte. Jakin zuzen Arartekoak aldundiari bi ebazpen aurkeztu zizkiola; tornuko haurren senideen beste bi kasu oinarri hartuta, Arartekoak diputazioari Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen araudia aplikatzeko eskatu zion, dokumentuetarako sarbidea baimentzeko. "Edozeinek du baimena interes historikoa duten artxiboetara sartzeko, eta, araudiaren arabera, dokumentu bat historikoa da sortu zenetik 50 urtera", azaldu du Agirrezabalak. Halere, aldundiak ez dio Arartekoaren aholkuari jaramonik egin.
Tornuko haur izandako baten biloba
Agirrezabalak Hambre de madre liburua argitaratu zuen duela bi urte. Amonaren jatorriari segika aritzeak bultzatu zuen liburua idaztera: "Oso hunkigarria izan zen amonaren informazioaren bila aritzea: ikertu, artxiboak bilatu, errora joan... Oraindik ere gehiago jakin nahi dut, baina liburuarekin garrantzia eman nahi izan nion bai amonaren bizitzari, baita amaren bizitzari ere. Omenaldi bat egin nahi izan diet tornuko haur guztiei". Fikzioa eta errealitatea korapilatzen dira zarauztarraren kontakizunean, eta esan du ondorengoei iragana azaltzeko modu bat izan dela.
Orain hiru aste beste bide bati ekin dio Karmele Agirrezabalak: aldundiaren Gizarte Politiketako Departamentura jo beharrean, Kulturara jo du zuzenean. Amonaren dokumentuak bertan egotea nahi du, eta departamentuaren erantzunaren esperoan dago. "Esperantza daukat dokumentuak lortuko ditugula".
Jarraitu erreportajea irakurtzen, hemen.