Gutuna: 'Bost madrildar...'

Josu Txapartegi 'Txapas' 2025eko uztailaren 6a

IkurriƱa airean. (Guka)

Josu Txapartegi Txapas-ek ondorengo gutuna helarazi du, aste honetan bisitari madrildar batzuekin izan duen pasadizoaren harira.

Herritik mugitu gabe, udan, zarauztarrok jende desberdinekin harremanetan jartzeko aukera izaten dugu. Atzo [uztailaren 2an], Narroseko jauregiari buruz galdezka hurbildu zitzaizkidan bost emakume. Madrildik zetozen. Jauregiari buruz baino gehiago jakin nahi zuten gutaz, eta nik ere jakin nahi nuen haietaz. Elkarrizketaren interesa ziurtatuta dago horrelakoetan.

Espainiaren barnean bizi garen guztiok bat egin eta denon artean aberri eder eta bizigarri bat osatu... zergatik ez duzue hori onartu nahi? Hori zen pertsona hauen ideia nagusia, ez zegoela ondo gure aparte bizi nahi hori, geureari lotuak, elkartasunaren ildoak baztertuz...

Tentsio unetxo bat sortu zen nire ahotik entzun zutenean, ez nintzela espainola sentitzen, euskaldun mundutar bat nintzela besterik gabe. Une horretan uste dut hari batzuk apurtu zirela gure artean, bik alde egin zuten.

Konstituzioaren gaia atera nuen. Ez zekiten 1978ko Konstituzioa euskaldunak aparte utzi ondoren idatzi zela, eta hemen onarpen oso urria izan zuela, baina ez zioten garrantzia berezirik eman horri. Batek ere aitortu zuen bera Ayusoren oso aldekoa zela.

Iluntzean, nire baitan bildu nintzenean, haien apunte nagusiarekin bueltaka jarraitzen nuen: denak aberri baten baitan, denak batera Espainian, elkartasunean, zergatik ez etorkizuna horrela antolatu?

Bat-batean piztu zitzaidan argitxoa. Bai, onena litzateke denok bat egitea, baina horrek baldintza dauka: erabaki hori norberak hartu behar du, ez beste batek inposatu. Puntu horretan amore emateko borondaterik ez nien sumatu gaztelar lagunei. Humanismo zabar baten babesean ederki mantentzen ziren demokrata itxurapean: denok batera, denok elkarrekin, ez apurtu ondo dagoena... garbi geratu zitzaidan atzean ezkutatu eta isiltzen zutena: euskaldunok ez ezazue gehiegi molestatu, oso jatorrak zarete puntu bateraino; hortik aurrera, espainolak aurrean izango gaituzue. Guk erabakitako legeetan bizi behar duzue.

“Denok” hitzarekin espainolek erakusten duten nagusigoa ere ezin diet onartu. Beraiek definitzen dute “denok” hitzak esan nahi duena. Akaso euskaldunok ere ez ote gara “denok” bat? Haiek –zuk nahi edo nahi ez– espainol bihurtzen dute “denok” horrekin izendatzen duten guztia.

Milaka aldiz "Askatasuna! "oihukatu izan dut nire bizitzan. Herri batek bizitzeko merezi duen libertatea, erabakiak jabetasunez hartzeko eskubidea. Atzo ezagutu nituen madrildar lagunek euskaldunon askatasun aldarriaz oraindik ideiarik ere ez dutela pentsatu nuen. Ayusoren zerbeza-askatasunarekin daude haiek, gu kanta zaharrarekin (Joxe, in memoriam): baina libre izatea gauza ikaragarri zaila da...

"¿Qué os falta a los vascos?". Errepikatzen zidaten, ezin ulertuz askatasunean bizitzea tabernan edaria aukeratzetik harago doan zerbait dela.

Distantzia gehiegi oraindik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide