Bihar ekingo diote Kalerkiri

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 2a, 10:00

Iazko Kalerki jaialdiko emankizun bat. (Zarauzko Udala)

Atzerriko taldeen zein Euskal Herrikoen emankizunez gozatu ahal izango da Santa Klaran, Villa Manuelan, Frontoi Txikin eta Munoan. Pare bat ikuskizunetarako gonbidapenak hartu beharko dira, edukiera mugatu dutelako.

Dena prest dute Kalerkiren 32. ekitaldiari ekiteko. Bihar hasiko da Zarauzko kaleko arte eszenikoen jaialdia, eta larunbatera arte ospatuko da. Urtero bezala, antzerkia, dantza, zirkua eta beste diziplina batzuetako ikuskizunak hartuko dituzte herriko hainbat txokotan; hala nola Santa Klaran, Villa Manuelan, Frontoi Txikin eta Munoan.

Guztira, 11 ikuskizunez osatutako programa antolatu du Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak. Adin eta gustu guztietarako proposamenak izango dira ikusgai, eta, aurten, atzerriko taldeek parte hartze nabarmena izango dute: izan ere, Kataluniako, Suediako, Frantziako eta Belgikako konpainiak gonbidatu dituzte.

Aurtengo jaialdiko bi emankizunek edukiera mugatu izango dute: alde batetik, Olvido Flores. Las maravillas de Jupiter izenekoak eta, bestetik, Ma Solitud obrak. Lehenengorako zortzi saio antolatu dituzte eta bigarrengorako bi emanaldi, eta horietako bat gozatu nahi duenak gonbidapena jaso beharko du emanaldi hasi baino ordubete lehenago.

EGITARAUA

Bihar, osteguna

  • 18:30, 19:30, 20:30 eta 21:30. Olvido Flores. Las Maravillas de Júpiter, Estefania De Paz Asin (EH), Santa Klarako elizaurrean. Gonbidapenak ordubete lehenago.
  • 19:00. Home, Cris Clown (Katalunia, Villa Manuelan.
  • 20:00 eta 21:30. Ma Solitud, Guillem Alba (Katalunia), Santa Klaran. Gonbidapenak ordubete lehenago.
  • 22:00. Argilunak, Komorebi Produkzioak (EH), Frontoi Txikin.

Etzi, ostirala

  • 18:30, 19:30, 20:30 eta 21:30. Olvido Flores. Las Maravillas de Júpiter, Estefania De Paz Asin (EH), Santa Klarako elizaurrean. Gonbidapenak ordubete lehenago.
  • 19:00. Desiderata, Mama Crea (EH), Santa Klaran.
  • 21:00. Iraun, Amaia Elizaran & Neonymus (EH), Frontoi Txikin.
  • 22:00. Gregarious, Soon Circus Company (Suedia), Munoan.

Uztailak 5, ostirala

  • 19:00 eta 20:30. Boucherie Bacul, Pikz Palace (Belgika), Santa Klara patioan.
  • 21:00. Burnt, Lasala (EH), Frontoi Txikin.
  • 20:00 eta 23:30. La calle es nuestra, Always Drinking Marching Band (Katalunia), kalez kale.
  • 22:00. Haute-Heure, Cie. Barolosolo (Frantzia), Munoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide