Bihar hasiko da Txaparrotan

Aritz Mutiozabal 2025ko eka. 27a, 15:00

Haurrak Txaparrotan txapelketan 2023an. (Artxiboa)

Benjaminak, kimuak, infantilak eta egokituak ariko dira jokoan Desertu Txikian. 09:30ean hasiko dira partidak, egun osoan zehar, eta igande arratsaldera arte luzatuko dira. 

Uda hasierarekin batera, Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketak bere egingo du Desertu Txikia asteburu honetan eta hurrengoan, hilak 5 eta 6. Herriko eskubaloi taldeetako jokalariek eta jokalari ohiek antolatutako kirol egitasmoak erantzun bikaina izan ohi du, Zarautzen ez ezik, baita inguruko herriko zaleen artean ere. Horren erakusle da aurtengo edizioan ere izena eman duen talde kopuru handiak: 119 talde izan dira haurren txapelketan, eta 128 helduenean.

Haurren txapelketari dagokionez, benjaminak, kimuak , infantilak eta egokituak ariko dira lehian bihar eta etzi. Sei joko eremu atonduko dituzte, urtero bezala, eta bihar goizean, 09:30ean, hasiko dira partidak jokatzen, eremu guztietan aldi berean. Igande eguerdira arte, ligaxka moduko bat jokatuko dute multzotan banatuta, eta, ondoren, arratsalde partean, azken kanporaketak egingo dituzte finalera arte. Finaleko partidak 17:30ean eta 18:00etan jokatuko direla aurreikusi dute antolatzaileek.

Benjamin mailan 35 taldek eman dute izena aurten; hamabi nesken kategorian, eta 23 mutilenean. Azken horretan parte hartuko duten taldeen artean lau izango dira mistoak. Kimuen mailan, berriz, 39 taldek eman dute izena, orotara; hemeretzi neskenak dira, eta hogei mutilenak –horietatik bi mistoak–. Infantilen mailan, azkenik, 41 talde lehiatuko dira: 21 neskenak, eta hogei mutilenak, mistoa bakarra izanik. Bestalde, lau talde egokituk ere hartuko dute parte, bina A eta B kategorietan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide