Zarauzko Emakumeen Etxeak LGBTI+ Points Sarearekin bat egin du

Intza Trula 2025eko ekainaren 28a

Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia, Ortzadar LGTBI+ elkarteko eta Zarauzko Emakumeen Etxeko kideekin. (Zarauzko Udala)

LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, ekainak 28. Ortzadar LGTBI+ elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan sortutako sarea da LGTBI+ Points Sarea.

LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, eta eguna baliatuz, Zarauzko Emakumeen Etxeak jakinarazi du LGTBI+ Points Sarean sartu dela. Ortzadar LGTBI+ elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan ondutako espazioa da LGTBI+ Points Sarea, eta dagoeneko 750 puntu seguru baino gehiago ditu –500 finko eta 250 mugikor–.

Sare horrekin bat egin izanaren agiria Zarauzko Emakumeen Etxearen atarian jarri dute. Emakumeen Etxearen esanetan, horrek "agerian uzten du udalerriak aniztasunarekiko eta sexu-askatasunarekiko duen konpromisoa".

LGBTI+ diagnostikoa burutzen ari dira Zarautzen, eta Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotziaren esanetan, sare honetan sartzea kolektiboa ikusarazteko beste urrats bat da. "Inork ez luke erasorik jasan beharko bere sexualitatea askatasunez bizitzeagatik inor gogaitu gabe. Enbarazu egiten dutenak beste pertsona batzuei nagusi diren eredu mental estuetara ez egokitzeagatik eraso egiten dietenak dira", gehitu du Vazquezek.

Berdintasun departamentuak Ortzadar LGTBI+ elkartearen lana goraipatu nahi izan du, "erraza, baina eragin handikoa" dela esanaz. Halaber, saltokiak, entitateak eta espazio publiko zein pribatuak sare horretan sartzera animatu ditu, "pertsona bakoitza bere sexu-identitatea askatasun osoz bizitzeko libre dela bezain agerikoa den zerbait normalizatzeko".

Nagore Espin Ortzadar LGTBI+ elkarteko presidenteak azaldu du LGTBI+ Points Sareak helburu bikoitza duela: "Alde batetik, kolektiboko pertsonen aurkako erasoak prebenitzea, horiek ikusaraziz; bestetik, bakarrik ez daudela adieraztea, gune horietan lagunduta senti daitezke, arreta egokia jaso dezakete eta eraso baten ondoren babes emozional eta praktikoa aurkitu dezakete".

Gainera, sareak jarraibideak eskaintzen dizkie herritarrei eraso LGBTI+fobiko baten lekuko izanez gero nola jokatu behar duten jakiteko:

1. Lasaitasuna mantendu.

2. Erasoa jasan duen pertsonaren kontakizuna zalantzan ez jarri.

3. Nola jokatu nahi duen erabakitzeko eskubidea errespetatu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide