Bihar abiatuko dituzte sanpedroak Elkanon

Mireia Galarza Bastida 2025ko eka. 26a, 15:30

Sanpedroak Elkanon, iaz. (Artxiboa)

Askotariko ekintzez gozatu ahal izango da egunotan auzoan: parrillada, pilota partidak, tortilla lehiaketa, idi demak, erromeriak...

Beste hainbat eta hainbat lekutan bezala, sanpedroak ospatuko dituzte bihartik hasita Elkano auzoan. Hain zuzen ere, ekainaren 27tik 29ra arteko egitaraua prestatu dute, eta askotariko ekintzak izango dira egun horietan auzoan: parrillada, pilota partidak, tortilla lehiaketa, idi demak, erromeriak...

Bihar, 20:00etan botako dute txupina, suziri, kanpai, txistulari eta erraldoiekin batera. Jarraian, parrillada egingo dute bertaratzen direnentzat, eta Dj Indate izango da musika jartzeko arduraduna. Larunbatean, pilota partidak jokatuko dituzte 12:00etan hasita, eta patata tortilla lehiaketarekin itxiko dute eguerdia. Iluntzearekin heltzean, auzo afarirako elkartuko dira 21:00etan.

Ekainaren 29an, San Pedro egunez, eliza ospakizuna izango da 11:00etan, eta jarraian egingo dute Gipuzkoako 4arroa txapelketaren kanporaketa, Izer eta Alabierrek alaituta. Arratsaldean, 18:00etan, idi demak jokatuko dituzte Matxain, Garayar eta Etxabeko idi pareek, eta festa amaituko dute Izer eta Alabierren erromeriarekin, 20:00etan. 

Hona hemen egitaraua:

Bihar, ostirala

  • 17:30. Ume jolasak
  • 20:00. Txupinazoa, suziri, kanpai, txistulari eta erraldoiekin batera jaiei hasiera emateko. 
  • Ondoren, parrillada auzoko frontoian.
  • Jarraian, Dj Indate. 

Etzi, larunbata

  • 08:00. Txupinazoa suziri eta kanpaiekin
  • 12:00. Pilota partida auzoko gazteen artean. 
  • Gero, tortilla lehiaketa eta pintxo banaketa, Amets eta Oihane Etxaide trikitilariek alaiturik 
  • 21:00. Auzo afaria eta erromeria Ostolaza eta Larrañagarekin. Txartelak dagoeneko eskuragarri Gazteategin. Elkartean hilaren 15ean eta 22an salduko dituzte, 12:00etatik 14:00etara.

Igandea, San Pedro eguna

  • 11:00. Ospakizuna elizan
  • Gero, Gipuzkoako 4arroa txapelketaren kanporaketa. Izer eta Alabierrek alaituta.
  • 18:00. Idi demak Etxetxo, Matxain eta Etxaberrekin.
  • 20:00. Erromeria Izer eta Alabierrekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide