Biribilgunean

Gurea zaindu beharra

Elaia Aizpurua 2025eko uztailaren 6a

Zarauzko hondartzan pilatutako hondakin batzuk. (Artxibokoa)

Maiatzeko Zarautz Guka aldizkariko Biribilgunean atalean Elaia Aizpuruak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Euria leihoaren kontra. Kristalak garbitu beharko nituzkeela pentsatzen dut, baina orain ez noa horretan hastera, kuadrillakoek mezua bidali bezain laster prest egon behar dut. Antola gintezke denbora apur bat gehiagorekin, gauzak txukun egin, urtero joaten gara San Telmo jaietan Zumaira, eta urtero kopla bera: busa edo trena? Zer ordu? Han afaldu? Eta buelta?

Batzuek galdera horiek guztiak erantzuten dituzten bitartean, esaten dutenerako prest egotea da nire egiteko bakarra. Baina eguraldi honekin zer demontre jantzi ez dakit. Apirileko azken egunak eta ekaitza. Etortzen zaizkit orain gogora otsaila hasieran Gasteizko pisuko balkoian tiranteetan bazkaldu genuen egunak. Sasoian sasoikoa behar luke, eta gaurkoa oraindik onargarria den arren, otsaileko egun horiek ez zihoazen bat. Telebistan zenbatetan aditu ote ditugu klima aldaketari buruzko adituak bizi dugun larrialdiaz hitz egiten, egoera ez okertzeko zer egin genezakeen azaltzen eta abar. Zenbat kasu egiten diegu, ordea?

Nolanahi ere, egoeraren erruduntzat gure burua jotzea ez da bidezkoena. Paperezko lastotxoak erabiltzera behartu baikaituzte, aberatsek jet pribatuetan hogei minutuko hegaldiak egiten dituzten bitartean, eta espaziora hamar minutuz joan denik ere bada. Ez naiz ari esaten lastoena edo hartu diren beste neurriak, hiri handien erdigunera kotxez sartu ezin izatea kasu, beharrezkoak ez direnik, baina ez du zentzu handirik ere batzuek horrenbeste jarri behar izatea, beste batzuek beraienetik ezer jartzen ez badute. Ez da harritzekoa jendea dagoeneko nazkatzen hasia izatea.

Klima aldaketa ez da soilik neguko egun eguzkitsu eta beroen bolada. Gurean bertan ere erraz ikusten dugu. Gure hondartzako ura urtetik urtera epelago dago, eta nahiz eta bainu hartzaileek eta batez ere turistek eskertuko duten, ez da pozgarria. Beroago bakarrik ez, zikinago ere badago. Hondartza garbiketak antolatu arren, eta ikastetxeetatik haurrak joan arren, apar horia zein plastiko txikiak geroz eta ugariagoak dira tamalez. Garbi dago mundua ez dugula guk geure kasa salbatuko, batzuen interesak dira-eta tarteko, baina gure etxeko hondartza behintzat saia gaitezen zaintzen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide