Egun pare bat besterik ez dira falta sanpelaioetako haurren danborradarako, eta ohiko legez, dozenaka umek parte hartuko dute bertan, tartean zuzendariek. Haur Kultur Taldeak jakinarazi ditu zeintzuk izango diren horiek, baita bakoitza zein talderekin eta txarangekin aterako den ere.
Vista Alegretik, urdinez, Janitz Azpiroz (zuzendari nagusia) eta Iker Egaña irtengo dira Igandea txarangarekin. Danborrak eta barrilak joko dituzte, eta desfilean baserritarrez irtengo dira. Iñurritzatik irtengo den taldea, aldiz, Mairi Muruak eta Oier Iturriozek zuzenduko dute, eta horiz aterako dira Mauxitza txarangarekin. Horien kasuan plantxatzailez eta arotzez irtengo dira desfilean.
Malen Malmasoro eta June Arrojeria izango dira Azken Portutik irtengo den taldearen zuzendari, gorriz jantziko dira, eta Gau-erdi txaranga izango dute bidelagun. Desfilean arrantzalez eta arrain saltzailez irtengo dira. Azkenik, Itxasmendiko zuzendari izango dira Maiu Etxabe eta Ander Urrutia, eta berdez irtengo dira, Pasai txarangarekin. Desfilean iñudez eta baineruz irtengo dira.