Zarautz Gesalaga Okelan nagusi ETE ligako aurreneko jardunaldian

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 21a, 14:19

Zarauztarrak gaur, banderarekin Astilleron. (ZAE)

Bandera etxera ekarri dute Enbatako neskek gaur eguerdian Astillerotik (Espainia) ligako aurreneko estropadan aurrenak helmugaratuta. Gizonezkoak ere oso fin ibili dira KAE1 ligako lehen estropadan. Laugarren sailkatu dira, baina bigarren postutik soilik hiru segundora gelditu dira.

Zarautz Gesalaga Okelanek bikain hasi du ETE liga, bandera etxera ekarri baitute neskek gaur eguerdian Astillerotik (Espainia). Erlojuaren aurka aritu dira ontziak, eta 10:57:82 denbora markatu dute zarauztarrek, bi ziabogetan ere denbora onenak eginda, eta zazpi segundoko aldea atera diote bigarren izan den San Juango ontziari – 11:04:58 denbora egin du horrek–. Gainerako ontziak segundo askora helmugaratu dira; hirugarren egin duen Kaiku, esaterako, hogei segundora –11:17:83–.

Gizonezkoen ontziak ere fin hasi du liga, laugarren egin baitute emakumezkoen estropada eremu berean jokatu den KAE1 ligako aurreneko jardunaldian. Gainera, bigarren eta hirugarren postuak ere esku-eskura izan ditu, hiru ontzi helmugaratu baitira hiru segundoren barruan: Zumaia 20:22:82 denborarekin, Arkote 20:25:00 denborarekin, eta Zarautz, 20:25:97 denborarekin. Bandera Santurtzik lortu du, besteei alde handixeagoa aterata, 20:13:46 denborarekin.

Bihar, Pasaian

Gaurko emaitzek utzitako sentsazio onekin joango dira zarauztarrak biharko hitzorduetara, bigarren jardunaldiak jokatuko baitituzte Pasaian (Gipuzkoa) ETE nahiz KAE1 ligetan. Emakumezkoek Adinberri Bandera-XII. Pasaiako Ikurrina jokatuko dute, 11:45ean hasita. Linean jokatuko dute estropada, hiru kaletara, hiru luzerekin.

Ondoren, gizonen II. Adinberri Bandera-40. Pasaiako Ikurrina izango da jokoan. 12:35ean hasiko da lehia, eta estropada hori ere linean izango da, lau kaletara, sei luzerekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide