Agintaldiaren erdira helduta, Udal Gobernuaren "norabide falta" nabarmendu du EH Bilduk

Intza Trula 2025eko ekainaren 22a

EH Bilduk 2023an egindako ekitaldi bateko irudia. (EH Bildu)

Herri batzarra egin zuen koalizioak pasa den ostiralean. Orain arte burututakoaren errepasoa egin zuten bertan, baita aurrera begira dituzten erronkak zehaztu ere.

Agintaldiaren erdira iritsita, Zarauzko EH Bilduk bi urte hauen balorazioa egin du. Horretarako, herri batzarra egin zuen pasa den ostiralean, bi urte hauetan egindakoak aztertzeko eta datozen urteetarako erronkak zehazteko xedez.

Etxebizitzaren gaiari dagokionez, "EH Bilduren bultzadari esker" hainbat pauso eman direla zioen koalizioak: esaterako, 2023ko irailean EH Bilduk etxebizitzari buruzko azterketa egitea eskatzen zuen mozioa aurrera atera zuen, eta, 2025ean, berriz, Zarautz gune tentsionatu izendatzeko mozioaren alde bozkatu zuen. Koalizioaren esanetan, Zarauzko Udalak oraindik ez ditu "beharrezko neurriak hartu", eta, horren aurrean, gaiari "berehala" heltzeko presioa egiten jarraitzen du, "jarraipen estua bermatzearekin batera".

Turismoari eta merkataritzari dagokionez ere, EH Bilduk gogorazi zuen mozio bat aurkeztu zuela, apartamentu turistikoak arautzeko eskatuz, eta mozio horrek ere aurrera egin zuela, PSE-EEren aldeko botoekin.

Kulturan, berriz, Santa Klara komentua zenerako Kultur Faktoria proposatu zuen koalizioak, eta "herriko dozenaka kultur eragilerekin" erronda egin ondoren, "sorkuntzaren ziklo guztiari erantzungo dion eta zarauztarren beharrak kontuan hartuko dituen proiektua uztartu" dute. Azken hilabeteetan, proiektu honen inguruan Zarauzko Udalaren "erabateko noraeza" salatu du EH Bilduk, "proiektuaren edukia kritikatuz eta aurrekontuaren igoera salatuz".

Beste gai batzuetan ere ekarpenak egin dituela azpimarratu zuen koalizioak ostiraleko bilkuran: hala nola Euskal Astean, kirol sarietan eta hondartzako ordenantzaren berritzean, "batzuk soilik aipatzearren".

"EH Bilduren aritzeko moduaren isla da koalizioaren eguneroko jarduna, baita Zarautzen ere", zioen EH Bilduk. Izan ere, herritarren eta herriko eragileen "kezkak jasotzen eta erantzuten" saiatzen da EH Bildu, "eragile eta norbanako askorekin elkarlanean". Beraien esanetan, "horiek lantzen dituzte eta horiek egiten dituzte zarauztarron bizitza hobetzeko ekarpenak". Ekarpen horien artean egongo lirateke, besteak beste, zuhaitzen ordenantza bultzatzea, malekoiko lurra berritzea aldarrikatzea eta hiribus zerbitzuaren jarraipen zorrotza egitea.

Horrez aparte, azken asteetan Urban Klima eta Villa Elizabethen proiektu urbanistikoen inguruan herrian sortu den "arrabotsari eta kezkari erantzunez", azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk Zarauzko Udalari, eta egoera salatu du, "interes pribatuaren gainetik herritarren eskubideak eta interes publikoa lehenesteko eskatuz".

"Norabide falta"

Udalaren kudeaketari dagokionez, EH Bilduk udal gobernuaren norabide falta nabarmendu du, eta "udalaren egoera ekonomikoa zaurgarria" gogoratu nahi izan du: "Aurreko urteetan egindako etxebizitza guztiek diru kopuru handia sortu bazuten ere, gaur egun Zarauzko Udalaren altxortegia hutsik dago, eta gainera mailegu bat eskatzeko aukera ere mahai gainean du Udal Gobernuak".

Udalaren kudeaketarekin lotuta, EH Bilduk dio koalizioaren aritzeko moduaren "isla" dela urte hauetan oposiziotik egindako lana ere: "Eskua luzatuta eta oposizio eraikitzailea eginez, herritarren beharren eta eskaeren arabera beti ere. Horrek, noski, berarekin dakar alde bakarrez aritzeko ohitura errotuegia duen Udal Gobernuaren kontrola ere, herritarrei zor zaien gardentasuna bermatu ahal izateko". Hori ere "giltzarria" da EH Bildurentzat, eta aurrerantzean ere udalaren kontuen "jarraipen estua" egingo duela adierazi du koalizioak, "herritarrek horrela eskatzen dutelako".

Datozeen urteei begira

Agintaldiaren bigarren zatiari dagokionez, datozen bi urteetan, etxebizitza, Santa Klara, herritarren beharrei erantzungo dion turismo eredua eta euskararen sustapena izango dira EH Bilduk bereziki landuko dituen gaiak, "beste gai batzuekin batera". Izan ere, koalizio abertzaleak argi dauka "beste eredu bat posible" dela, "herritarrek zuzenean parte hartzen dutena eta zarauztarren etorkizun hobea bermatzen duena".

Amaitzeko, koalizioak eskerrak eman dizkie bidelagun izan dituen herritar guztiei, eta nabarmendu du azken urteotan herri batzarretan, bileretan eta ekimenetan parte hartu duten guztien ekarpena "ezinbestekoa" izan dela. "Publikoki ageri diren Zarauzko EH Bilduren hautetsien eta ordezkarien atzean herritar ugariren lana eta konpromisoa dago", gogoratu du koalizioak. Era berean, EH Bilduk dei egin die koaliziora hurbildu nahi duten herritar guztiei: "Ohi bezala, atea zabalik eta eskua luzatuta dugu edozein ekarpen egiteko, kezkaren bat adierazteko edo Zarautz hobe baten aldeko urratsetan bidelagun izan nahi duten guztientzat”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide