Bajantean ataskoa baldin badago, fontaneroari edo linterneroari hots egin. Parabrisasa ondo ez baldin badago, karrozeroak begiratu beharko dio kotxeari. Eske, a ver, zer hasi behar dugu orain, buxadura eta zorrotena, iturgina eta haizetakoa?
Bada, seguru samar, bai; idatziz, behintzat.
Goazen garbi galdetzera: gaztelaniari buruz ariko bagina, egingo al genuke zalantza? Zer maila nahi dugu euskararentzat eta euskaldunontzat? Ez al dugu nahi, Lizardik zioen bezala, noranahikoa? Ala gehiago gara Unamunoren ildokoak, alegia, euskara animaliekin jarduteko?
Jakina, ia denontzat da errazagoa gaztelaniazko hitzak ikastea. Eta ez da euskara zailagoa delako, ez baita. Kontua beste bat da: gaztelaniak indarra eta bitartekoak ditu, eta erresonantzia kaxa erraldoia hitz arraroenak ere zabaltzeko. Prima de riesgo, repatriar nahiz arancel, guk denak ikasi, eta azkar asko gainera. Baina hasi zaitez euskaraz jartzen horiek. Laster esango dizu baten batek horiek arraroak direla, ea zer euskara den hori, guk "beti" esan izan dugula rotonda, polideportiboa, kanpofubola. Eta, konforme, gaur-gaurkoz, arrisku-prima eta muga-zerga ez dira txakurrei hitz egiteko euskara. Baina euskaraz etorri, egin kaka eta ai ze potxoloa baino zerbait gehiago esan daiteke. Guk, ordea, indar mugatua daukagu, bitarteko are mugatuagoak eta erresonantzia kaxa txikia.
Maiz ikusi dut inguruan: gaztelaniaz zerbait ulertu ez, eta, "ez dut ulertzen"; euskaraz zerbait ulertu ez, eta, "ez da ulertzen", edo "arraroa da". Zeren, jakina, gaztelaniaz maila eskasa baldin badaukat, arazoa nirea da, ez Riesgoko lehengusinarena; baina euskaraz ulertzen ez badut, kulpa euskarak du.
Bide batez, antzeko zerbait galdetu daiteke gazte hizkeraz ere. Gaztea irratian askok eta gehiegi egiten duten euskañol horrek izan behar al du gazte hizkera? Ez al da hori gure diglosian goxo egitea? Bai, tío, badakit errazago hedatzen direla gaztelaniazko esapideak eta irainak euskarazkoak baino, baita kamutsagoak baldin badira ere. Baina egoera horri erantzuteko hautatzen dugun bidea hizkuntza sinpletzea baldin bada, gure hizkera kutsu erdalsasiguay eta anglomotz-arekin mozorrotzea etengabe, bihar orain bezain hiztun gutxi izaten segiko dugu, eta gaur baino pobreagoak izango gara linguistikoki.
Gainera, susmoa daukat txakurrekin espainolez ere jardun daitekeela, a que sí, Donmiguelito, ya has hecho caquita?