Euskara eta bertsogintza sustatze aldera, Zarauzko Udalak 41. Basarri Bertsopaper Saria antolatu du, eta ostirala izango da lanak aurkezteko azken eguna; posta elektronikoz bidali behar dira, kultura@zarautz.eus helbidera. Oinarriak eta izen-emate orriak dagoeneko eskuragarri jarri daude.
Ohi bezala, sariketara aurkezten diren lan bakoitzak zortzi bertso izan behar ditu, gutxienez ere. Gaia librea izango da, eta bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztuko da. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan bidali ahal izango ditu, eta horiek originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute ezinbestean.
Iaz bezala, Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Unai Muniainek osatuko dute epaimahaia, eta uztaileko lehen astean jakinaraziko dute irabazlizena; honek 1.800 euro garbi jasoko ditu. Sari banaketa ekitaldia Bertso Astearen barruan izango da, ohi bezala, Bertso Musikatuen gauean.