Zarautz Arraun Elkarteak asteburu honetan ekingo dio traineru denboraldiari, gizonezkoak KAE1 ligan eta emakumezkoak ETE ligan, baina lehiari ekin aurretik, herritarren aurrean aurkeztu zituzten bi taldeak. Igande arratsaldean egin zuten ekitaldia, Musika Plazan, Enbata trainerua kiosko aurrean ezarrita –aurten bakarra–, eta hainbat zale urdinen berotasunarekin.
ETE liga larunbat honetan, ekainaren 21an, hasiko da Astilleron, eta abuztuaren 23an bukatu, Deustun; hamasei estropada jokatuko dituzte, guztira, eta Zarautzi dagokiona, abuztuaren 16an izango da, goizez. Sailkapeneko goiko postuetan lehiatzeko asmoa dute Zarauzko emakumeek.
Juanjo Etxarte entrenatzaileak aditzera eman zuenez, aurten baja dezente izan dituzte taldean, eta etxeko jendearekin osatu dute trainerua. "Oso gustura gaude, orain arte erakusten ari denarekin!", nabarmendu zuen: "Estropadak irabazteko aukerak badaude, baina hankak lurrean izateko esaten diet. Umil-umil estropada guztietan lehiatu eta arraun egiten badute, emaitzak etorriko dira".
Gizonezkoek iazkoa hobetzea izango dute erronka KA1 ligan. Hamabost estropada jokatuko dituzte, eta hauek ere Astillero izango dute lehen hitzordua larunbat honetan; eta igande eguerdian jada bigarren jardunaldia izango dute jokoan Pasai San Pedron. Aurten, bi estropada izango dituzte Zarautzen: bata, uztailaren 19an, eta bigarrena, abuztuak 16an.
Garai batean ibilitako zenbait arraunlari itzuli da taldera, eta Asier Puertas entrenatzaileak azaldu zuen horrek ilusioa piztu duela. "Azken hiru urtetan blokea mantentzen ari gara, eta aurten berriz bueltatu dira Julen, Beñat eta hauek eta oso pozgarria izan da guztiontzat". Puertasek onartu du lan ona egin dutela neguan zehar eta denboraldiaurreko estropadak ere txukun atera direla: "Lehenengo multzo horretan sartzea da nire nahia. Hiru urte hauetan garapen bat egon da, eta uste dut urte honetan ere koska bat gora egingo dugula".
Zarautz Arraun Elkarteak ohiko babesleei eskerrak eman zizkien, baita Zarauzko Udalak emandako laguntzaren garrantzia estimatu ere. Zarauzko alkate Xabier Txurrukak adierazi zuen Enbata "herri sentimendu bat" dela: "Hankak lurrean bai, baina burua tente! Zarauzko herria eta zarauztarrak ordezkatzen baitituzue traineru eder honekin".