Sendabelarrak oinarri hartuta, bi hitzordu antolatu ditu Salbatore Mitxelena elkarteak datozen egunetarako. Lehenengoa ukenduak egiten ikasteko saio bat izango da, eta etzi, osteguna, egingo dute.
Sara Letamendia adituak gidatuko du ikastaroa, Mitxelena kaleko 51. zenbakian. 17:00etatik 20:00etara jarri dute hitzordua, eta parte hartzen dutenek sendabelarrekin ukenduak egingo dituzte, pausoz pauso, Letamendiaren laguntzarekin.
Larunbatean, berriz, ikastaroan erabilitako landareak eta beste hainbat ezagutzeko irteera antolatu dute herritarrentzat. Hiru ordu iraungo dituela aurreikusi dute, 10:00etatik 13:00etara.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute aurretik, mitxelenaelkartea@gmail.com helbidera edota 628 20 30 37 zenbakira idatzita.