AEA Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Nazioarteko Eguna izango da larunbat honetan, ekainaren 21ean, eta horri lotuta, Adela Zarautz elkarteak berdez argiztatuko du kiroldegia. Ekainaren 21etik 22rako iluntzean egingo dute piztualdia, hain justu.
Ekitaldian, AEA duten pertsonek eta elkarteko kideek parte hartuko dute, baita Zarauzko alkate Xabier Txurrukak ere. Zarauzkoaz aparte, beste hainbat herritako eraikin esanguratsuak ere kolore berdearekin argiztatuko dituzte, urtero bezala.
Tonbola, martxan
Horrez aparte, AEA Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Eguna antolatu dute uztailaren 13rako. Lege Zaharren Enparantza izango da puntu nagusia, eta bertan erraldoien kalejira, batukadaren emanaldia eta dantza tailerra egingo dituzte.
Horrez aparte, elkarrekin bazkaltzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Paella, postrea eta edaria izango da menua, 10 euroren truke. Horrez aparte, urteroko tonbola ere jarriko dute, askotariko opariz betea. Nekane arrandegia zeneko lokalean daude ikusgai sariak.