Piriniotako Tourra irabazi du Usoa Ostolazak

Juan Luis Romatet 2025eko ekainaren 16a

Usoa Ostolaza Paueko podiumean. (Pascal GantiƩ)

Iaz lortutako garaipena berretsi du txirrindulari zarauztarrak. Larunbatean lidergoa hartu zuen Ostolazak, eta atzo lehen postuari eusteko gai izan zen taldeak egindako lanari esker. 

Usoa Ostolaza Laboral Kutxa-Euskadi taldeko txirrindulari zarauztarrak Piriniotako Tourra irabazi du. Bigarrengoz gailendu da zarauztarra txirrindularitza itzuli honetan, iaz ere bera igo baitzen podiumeko goiko postura. 

Larunbateko etapan lidergoa hartu ondoren, hari eusteko lana egin zuen Laboral Kutxa-Euskadi taldeak. Ez zen lan erraza, Abidosetik Paurako etapak zazpi mendate zituelako 127,5 kilometrotan. Baina ederki bete dute lana bere taldekideek, eta etaparen amaieran bigarren egin zuen zarauztarrak. Sailkapen nagusian 20 segundoko aldea atera dio bigarren egin duen Gontovari, 38 segundokoa hirugarren egin duen Cavallarri eta 52 segundokoa laugarren egin duen Thomasi. 

Irabazlearen sariaz gain, erregulartasunarena ere jaso du Ostolazak. Laboral Kutxa-Euskadi, bere aldetik, bigarren izan da taldeka,

Emaitzarekin "oso pozik" eta bere taldekideek egindako lanarekin "oso harro" dagoela adierazi du Ostolazak bere taldearen webgunean. "Eskerrak eman nahi dizkiet. Orain, hau nire lasterketa gogokoena dela esan dezaket. Zalantzarik gabe, datorren urtean itzuliko naiz. Pozik nago nire errendimenduarekin Sierra Nevadan entrenatzen aritu ondoren. Sasoi onean nagoela uste dut. Asko ikasi dut azken urteetan. Izan ere, txirrindularitza ez zen nire aurreneko kirola izan, triatloian aritu bainintzen lehenik, gazteagoa nintzenean. Bosgarren urtea dut txirrindularitzan. Beraz, asko hobetzen ari naizela uste dut, eta urtetik urtera gehiago eta gehiago ikasten. Horregatik, emaitza hobeak lortzeko garaia da baita nire taldearekin gozatzen jarraitzeko garaia da ere. Hain zuzen, etxeko taldea da, euskalduna, ni bezalaxe, eta oso harro nago horretaz. Hemendik bi astera, Espainiako Txapelketak lehiatuko ditut -iaz ordekako proba irabazi zuen-, eta Giroa eta Tourra ditut egutegian. Beraz, gogor entrenatu beharko dut iazko emaitzak hobetzen saiatzeko bi itzuli horietan".

Ez da hau izan Ostolazak txirrindulari denboraldi honetan lortutako emaitza on bakarra. Pasa den apirilean, esaterako, bi etapa irabazi zituen El Salvadorko Tourrean, eta sailkapen orokorrean bigarren izan zen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide