Gallo eta Oregi nagusi, Surf Egokituko Espainiako Txapelketan

Intza Trula 2025eko ekainaren 16a

Aitor Frantzesena 'Gallo', Surf Egokituko Espainiako Txapelketa irabazi ostean, garaikurrarekin. (BAT Basque Team)

Las Palmas Kanaria Handikoan (Kanariar uharteak, Espainia) eskuratu dute garaipena Aitor Frantzesena Gallo eta Ibon Oregi surflari zarauztarrek. Visual 1 kategorian gailendu da lehenengoa; Kneel kategorian egin du bigarrenak.

Beste garaipen bana erdietsi dute Aitor Frantzesena Gallo eta Ibon Oregi surflari zarauztarrek. Oraingo honetan, Surf Egokituko Espainiako Txapelketa irabazi dute, Las Palmas Kanaria Handikoan, La Cicer hondartzan.

Pasa den asteburuan jokatu dute txapelketa surf egokituko kirolari entzutetsuenek, hainbat kategoriatan banatuta. Visual 1 kategorian nagusitu zen Gallo, hain zuzen ere. Maniobra ikusgarriak eskaini zituen uretan, eta horri esker eguneko puntuaziorik garrantzitsuenetako batzuk lortu zituen; hala nola 9,87 puntu lortu zituen hartutako olatu batean.

Oregik, berriz, Kneel kategorian jokatu zuen, eta nagusitasunez irabazi zien aurkariei. Asteburuko garaipenarekin, laugarren aldia du Oregik Espainiako txapeldun izaten.

Ibon Oregi, Surf Egokituko Espainiako Txapelketa jokatzen. (grancanariasurfest)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide