Zarauzko emakumeak bosgarren izan dira Espainiako Traineru Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2025eko ekainaren 15a

ZAEren emakumeen trainerua iaz. (Iker LarraƱaga)

Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia) jokatu dute txapelketa, eta Arraun Lagunak taldeak irabazi du. Zarauztarrek Euskadiko Txapelketan erakutsitako arraunkera serioa berretsi dute, sentsazio onak erakutsiz.

Espainiako Traineru Txapelketa jokatu dute asteburuan Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia), eta  Zarautz Arraun Elkarteko emakumeak bosgarren izan dira gaur goizean jokatu den finalean. Arraun Lagunak izan da garaile, eta haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Tolosaldea eta Hibaika; azkenik, laugarren postua Arraun Lagunak ontziarentzat izan da.

Gizonezkoek ez bezala, emakumeek ez dute kanporaketarik jokatu bezperan. Bost parte hartzaile bakarrik izan direnez, zuzenean jokatu dute finala. Gainera, ezustekoa egon da; izan ere, Euskadiko Txapelketa Tolosaldeak irabazi zuen eta gaur bigarren postuan geratu da, eta Arraun Lagunak bigarren izan zena, garaile (10:35,25). Hibaikak hirugarren postua berretsi du, eta Zarautzek bere arraunketa serioa erakutsi duen arren (11:05,58), ezin izan dio laugarren postuari eutsi. Izan ere, Astilleroren erreferentziarik ez zeukaten eta ezin jakin zer-nolako maila emango zuten, baina azkenean kantabriarrengatik bi segundo geratu dira.

Bestalde, gaur arratsaldean, 18:00etan hasita, KAE1 eta ETE ligako traineruak aurkeztuko ditu Zarautz Arraun Elkarteak, Musika Plazan. Bazkideen kamisetak ere bertan izango dira eskuragarri. Beraz, arraunzaleak bertaratzera gonbidatu ditu klubak.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide