Zarautzen bizi hausnarketa prozesuan ateratako ondorioak azaltzeko bilera deitu du Zarauzko Udalak datorren astearterako. Etxezabala aretoan izango da prozesu parte hartzailearen azken saioa, 18:00etatik 20:00etara.
Maiatzaren 13an deitu zuen udalak Zarautzen bizi prozesuaren lehen bilera, Santa Klara komentuan. Lehen lan saio horretan kaleen izaera aztertu zuten; esaterako, merkataritzaz, lokal hutsen erabileraz, etxebizitzez eta apartamentu turistikoez mintzatu ziren.
Bigarren saioan, berriz, etxebizitzarekin lotutako gaiak aztertu zituzten: hala nola etxebizitza tasatuen udal ordenantza, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza, etxebizitza eskuragarri egiteko egin daitezkeen esku hartzeak eta abar. Hirugarren lan saio bat ere egin zuten, aurreko bi saioetako ekarpenak uztartzeko asmoarekin.
Orain, aurreko hiru bilera horietan landutakoa bildu du lantalde batek, eta ateratako ondorioak herritarrekin partekatuko dituzte astearteko saioan. Hala eta guztiz ere, hirugarren bilera hori ez da prozesuaren amaiera izango; izan ere, bileretatik atera diren hainbat gaik bere parte hartze propioa izango dutela aurreratu du Garbiñe Oiarbide Zarauzko Udaleko Hirigintza, Etxebizitza eta Partaidetza zinegotziak.
Prozesu "aberasgarria"
Oiarbideren iritziz, "oso lan saio aberasgarriak izan dira" azken hilabeteotan egindakoak. Lantalde txiki bat sortu dute horretarako, eta horrek "elkar entzuteko eta gaiak elkarbanatzeko" aukera eman die. "Hirigintzaren inguruko gaiak ez dira xamurrak izaten araugintzari eta legeei oso lotuta daudelako, baina uste dut talde motorraren laguntzarekin gaiak xamurrago egitea lortu dugula", gehitu du zinegotziak.
Horrenbestez, udalak zarauztar guztiak gonbidatu ditu astearteko saioan parte hartzera, "bertatik bertara izan dezaten lan saioetan egindako hausnarketak eman dituen emaitzen berri". Hala eta guztiz ere, aurkezpenera joaterik ez dutenek eskuragarri izango dituzte prozesuaren inguruko informazio guztia zein ondorioak Zarauzko Udalaren webguneko Parte hartu atalean.