Nolatan izan zenuen Goruetan bekaren berri?
Literatura Konparatuko masterraren amaieran Itxaro Bordaren poesiaren inguruko lan bat egin nuen, eta gehiago ikertzeko gogoarekin geratu nintzen. Lourdes Otaegi irakasleak beka honen berri eman zidan, eta aurkeztea erabaki nuen. Beka jaso ondoren, asko animatu nintzen, eta Lourdes gidari moduan izan dut.
Zergatik aukeratu zenuen Itxaro Borda zure ikerketaren oinarritzat?
Alde batetik, figura nagusia delako euskal literaturan. Mundu guztiak hautematen du Borda pertsona esanguratsu bezala: 40 urteko ibilbide sendoa du, eta hori euskal literaturaren kasuan ez da huskeria. Influentzia eta pisu bat aitortzen zaion arren, bere obra ez da hainbeste irakurri edo aztertu. Bordaren obra aztertzeko analisi literarioek disidentzia linguistikoa eta lurralde disidentzia ikertu dituzte batez ere. Identitate disidentziatik edo genero ikuspegitik, aldiz, gutxi ikertu da. Itzalean geratu den beste alderdi hori agerrarazi nahi nuen, iruditzen zitzaidalako landu diren ikuspegien artean generoarena eta queer-tasunarena daudela gutxien aztertuta.
Noiz aurkitu zenuen haren poesia eta zer eragin izan zuen zugan?
Unibertsitatean nengoela hasi nintzen bere liburuetara hurbiltzen, eta hasieratik asko gustatu zitzaidan, batez ere bere poesia. Akademiatik beranduago etorri bada ere, aitzindaria izan da poesia safikoaren idazketan eta emakumezko genealogiaren bilaketan. Bordaren ibilbide literarioa genealogia safikoaren ikuspuntutik aztertu nahi nuen. Asko interesatzen zait bere ibilbidean ahots lirikoak izan duen garapena, nola berrasmatu behar izan duen pentsamendu heterosexualak definituriko hizkuntza eta esleitzen dizkion ulerkera guztiak, euskaraz ia aurrekaririk gabe pasio lesbikoa adierazteko. Bide horretan, ahots lirikoa birmoldatu du desira eta norbera subjektu desiratzaile gisa ulertzea ahalbidetzen duen hizkuntza bat bilatzeko. Ahots safikoaren mututasuna apurtzeko zer eta nola egin duen eta Marçalen poemak itzultzeak prozesu horretan zer funtzio izan duen aztertu nahi izan dut, itzulpengintzak ahots liriko baten berrasmatzean duen eragina ikusteko.
Nola definituko zenuke hitz gutxitan "genealogia safikoa" ezagutzen ez dutenentzat?
Safiko hitza Safotik dator. Tradizio lesbiko mitikoa Lesbos uhartean kokatzen da, eta Saforen figuran oinarritzen da, poeta, pentsalari eta figura inportantea izan zelako. Genealogia safikoa ez da kanon alternatibo bat, baizik eta tradizioaren ulerkera eta harrera kudeatzeko modu berri bat. Kanon literario unibertsalak emakume idazle gutxi batzuk onartu baditu ere, askotan, beraien identitate lesbikoa ezkutatuz egin du. Horregatik, filosofia queer-ean oso garrantzizkoa da "genealogia" terminoa queer identitateaz, desiraz, eta harremanez hitz egiten duten testuak aztertzeko. Interesgarria iruditzen zait, "historia eraginkorretik" beharrean, "historia afektibo" baten begiradatik egitea ariketa hori. Kritikariek "ba al zegoen gay jendea iraganean?" galdetzetik, "zergatik da inportantea iraganean gay jendea ba ote zegoen jakitea?" galdera egitera igarotzea, hain zuzen ere. Begirada hori barneratzen du genealogia safikoaren bilaketak, zeren beste garai bateko figurekin identifikatzeak sentimenduen eta kontaktuaren interakzioa eskatzen du, psikologikoki edo emozionalki ukitzen gaituena eta fisikoki uki dezakeguna ezberdinak izanik. Garrantzitsua da genealogiaren bilaketa egitea, sare baten parte diren figurak topatzea, isilaraziak izan diren errealitateak ikusarazteko eta oraingo identitate zapalduen existentziari zentzua emateko.
Zure proiektuan disidentzia politikoa, periferikotasuna edo pasio lesbikoa bezalako elementuak aipatzen dituzu.
Iratxe Retolaza, Ibai Atutxa eta Joseba Gabilondok oso ondo aztertu dute Bordaren periferikotasun hori. Esaten dute muga geografikoak, politikoak, linguistikoak, generokoak eta sexualak zeharkatzen duen identitate eta ahots bat dagoela, eta ondorioz, mugan kokatzen den identitatea izanik, periferiatik idazten duela. Ertz horiek guztiak ikusten dira Bordaren poesian, erabiltzen duen hibridazioan eta polifonian. Aldi berean, diskurtso hegemonikoen bazterretan kokatzen diren askotariko lekukotasunak ekartzen ditu bere testuetara, eta bestetasunaren eta marjinazioaren prozesu horiek ikusgai bihurtzen ditu. Hau da, etengabe artikulatzen ditu intersekzioak eta topaguneak beste subjektu, kultura edo mundu ikuskerekin. Aliantzak eta afektuak josten ari da ertzetan kokatzen diren beste identitate horiekin guztiekin.
Zure ustez, ahots safikoa isildua da gaur egun ere, edo lekua hartzen ari da euskal literatura garaikidean?
Egia da ez dela hain zabala identitate queer-en presentzia, baina egon badago. Euskal literaturan ere, geroz eta artikulu eta analisi literario gehiago argitaratu dira, genealogia queer bat osatzeko bidean, literatura LGTBIQ+ teoriatik aztertzea helburu duten lanak. Azken hamarkadan, idazle gehiago izan dira euskal literaturan sexualitate eta genero eredu normatiboen disidentziatik, disidentziari buruz idatzi dutenak edota queer identitateen agerpenak egin dituztenak. Esan daiteke berrikuspen esanguratsu bat egin dela kanon literarioaren ulerkeran eta errepresentaziorako espazio berriak zabaldu direla.
Ikertzailea izateaz gain, itzultzailea eta kultur sortzailea zara. Nola uztartzen dira alderdi horiek zure sormen prozesuan?
Nire sormen prozesuan gero eta gehiago jotzen dut parte naizen sare eta genealogietara. Uste dut beti izaten dugula harremana norberarentzat momenturen batean esanguratsuak izan diren elementuekin. Lan honek iturri horien bideak zein diren begiratzen eta gehiago zabaltzen lagundu dit.
Beste egile ikusezin batzuei buruz idatzi nahiko zenuke?
Asko ikasi eta gozatu dut lan hau egiten. Bide polita izan da miresten duzun obra batean barneratzea, eta oso pozgarria prozesua bera ere Itxarorekin partekatzea. Hala ere, ez dut gehiegi pentsatu nahi etorkizunean.
Zer gustatuko litzaizuke ikerketa honen ondare gisa geratzea?
Interesgarria da Bordaren poesiara begirada honetatik hurbiltzen den irakurketa zabaltzea, bere obra hobeto ezagutzeko eta irakurleei zubiak eskaintzeko. Gure genealogia safiko propioa eratzen segitzeko urrats txiki bat izan dadila.