Aitziber Etxeberriak distopia bat sortu du 'Reset' eleberrian

Intza Trula 2025ko eka. 14a, 10:00

Aitziber Etxeberria 'Reset' liburuarekin. (Utzitakoa)

Erein argitaletxearekin kaleratu du nobela idazle zarauztarrak. Zientzia fikzioa da; Etxeberriarentzat "erronka" izan da genero literario hau lantzea. izeneko eremu teknologikoan gertatzen da istorioa.

Gizarte "teknologiko, aurreratu eta zuzena" da eremua, Klaustro Zuriak zuzendua, eta Aitziber Etxeberriak sortua. Idazle zarauztarrak Reset izeneko nobela berria kaleratu du Erein argitaletxearekin, zientzia fikzioa oinarri hartuta, istorio distopiko bat asmatuz. Lan hau "erronka pertsonal handia" izan dela dio idazleak; izan ere, orain arte nobela historikoak lantzera zegoen ohituta.

Bi gai dira nagusi liburu berri honetan: bata, teknologiaren gehiegizko erabilerak idazlearengan sortzen duen kezka, eta, bestea, deskarbonizazioa. Etxeberriak dio gizarteak egun dituen "bi erronka handi" direla horiek, "mundu digitalizatu batean bizi garelako", eta digitalizazio hori, gainera, "etengabe hazten ari delako".

"Sekulako abiadura"

Teknologia "beharrezkoa" den arren, "sekulako abiadura" hartu duela iritzi dio idazleak, "kontrolik gabeko garapen bat" izan duela, alegia. Elkar harremantzeko eta kontsumitzeko moduak aldatu ditugula adierazi du, baita aisialdiaz gozatzeko ere. Teknologiaren alde "ilunaz" ere hitz egin du: hau da, gailu elektronikoek sor dezaketen menpekotasunaz. "Gure seme-alabak mundu digital batean hazi dira, eta gure haurtzaroarekin alderatuta, teknologiarekiko menpekotasuna dutela ikusten dut". Hala eta guztiz ere, gehiegizko erabilera hori haurrengan zein helduengan gertatzen dela berretsi du.

"Ohartu gabe" informazio pertsonal asko ematen dela ere gehitu du: "Cookieak onartzen ditugu etengabe, eta plataforma zein aplikazioen jabeei gure informazioa ematen diogu, eta informazio horrekin gure bizitzekiko kontrola lortzen dute".

Deskarbonizazioari dagokionez, aldaketa klimatikoak sortzen dion kezka mahai gainean jarri nahi izan du zarauztarrak. "Uste baino garrantzi handiagoa du gure bizitzengan, eta horri aurre egin behar diogu", azpimarratu du. Horretarako, "bizitza ohiturak" aldatu behar direla iritzi dio, "nahiz eta eztabaida handia sortzen duen gaia izan".

Alegiaroaren 46. urtea

Existitzen ez den errealitate bati forma eman dio Etxeberriak Reset liburuan. Gizarte horretan ez dago herrialderik, eremuak baizik: istorioa M eremuan gertatzen da, Alegiaroaren 46. urtean. Klaustro Zuria izeneko aginte talde batek gidatzen du eremu hori, eta bere gizartea "zorrotz" darama.

Gainera, "estratifikatutako" errealitate horretan bizi diren herritarrak bi mailatan bereizita daude: Zilarrak eta Karbonikoak, alegia. Lehenengo taldean egongo lirateke "maila eroso batean" bizi diren pertsonak, "abantailak eta lanpostu hoberenak dituztenak", esaterako. Talde Karbonikoa, aldiz, "lan okerrenak" dituzten norbanakoak osatzen dute. Zilarren menpeko dira azken horiek, eta "beraiengan dagoen kontrola oso handia da".

ZAK21 da nobelako protagonista, eta bera lan eremu batean konfinatuta dago, beste hiru presorekin batera. "Hasiera batean ezer gutxi dakigu bere bizitzaz, eta irakurleak pixkanaka-pixkanaka jakingo du bere iraganean zer gertatu den eta zergatik dagoen leku horretan", azaldu du Etxeberriak.

Akatsik ez

Mara izeneko pertsonaiak ere bere lekua izango du istorioan zehar. Segurtasun departamentuko burua da bera, eta oztopo ugari gainditu beharko ditu gizarte "hobeago"  eta "duinago" bat eratzeko. Eirwyn, berriz, deskarbonizazio departamentuko burua da, eta "arazo ugari ditu"; izan ere, Eremuen Konfederazioak urte amaierarako lortu beharreko deskarbonizazio maila finkatuta du, eta eremuak "nahiko zaila du" zenbaki horietara iristea.

Gizarte "teknologiko, aurreratu eta zuzena" da eremua, baina idazleak aitortu du ez dela "hasiera batean dirudiena bezain distiratsua". Gainera, gizarte justuago baten alde eragindako "gehiegizko kontrolaren aurka borrokatzeko" prest dagoen disidentzia bat sortzen ari dela sumatzen dute. "Sistemak ez du akatsik onartuko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide