Korapiloa

Benetan konektatzeko

Intza Trula 2025eko ekainaren 15a

Entxufearen larakoa. (Pixabay)

Intza Trula kazetariak maiatzeko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

COVID-19aren pandemia, Valentziako uholdeak, Frantzisko aita santuaren heriotza… Une batez bazirudien ez zela posible izango denbora luze batean, behintzat, beste inolako gertaera historiko edota aldrebesik gertatzea. Herritarrok oker genbiltzan, ordea, berriro ere.

Gure egunerokoa beste behin hankaz gora jarriko zuen zerbait, erabat berria eta sekula gertatu gabea, gauzatu zen apirilaren 28an, astelehenez. Aste Santua atzean utzita, herritar arrunt guztiak lanean zeuden une horretan, eta eskolan, gimnasioan, erosketak egiten edota igogailuaren barruan harrapatu zituen beste hainbat. Behin artikuluaren lerro hauetara heldu bazara, irakurle, asmatuko zenuen zeri buruz ari natzaizun hizketan. Itzalaldi masiboaz ari naiz.

12:30 aldera gelditu zen guztia, Iberiar penintsula osoa argindarrik gabe geratu zen. Une horretan bertan, mundua geratu zen. Telebistak ez ziren pizten, eta, beraz, ezinezkoa zen azken orduko albisteak ikustea; ordenagailuetan ere ezin zen sarean ezer egin, eta, beraz, ez zen posible hain premiazkoak ziren email horiek bidaltzea. Metroak, trenak eta tranbiak itzalaldiak harrapatu zituen lekuan geratu ziren, so, ez aurrera ez atzera, presaz zebilen jendez gainezka. Nola ez, mugikorrek ere funtzionatzeari utzi zioten, eta denbora batez ezin izan ziren bai ala bai egin beharreko dei horiek egin.

Jendeak egiten ari zena albo batera utzi behar izan zuen orduan. Burua altxatu, eta gora begiratu zuten guztiek, zer egin zezaketen galdezka. Kalte larri asko eragin zituen itzalaldiak, eta une zailak bizitzea tokatu zitzaien batzuei. Aitzitik, izan zuen bere alde onik ere. Izan ere, urte batzuk atzera egin zuten askok orduan, eta duela hamarkada batzuk bezala, inguruko plazer txikiez gozatzen hasi ziren.

Pantailak alde batera utzita, jendea aurrez aurre hitz egiten ikusi ahal izan genuen kale kantoietan, irribarre zabal batekin. Herriko plazak, berriz, arnasa betean abesten zuten lagunez bete ziren, herriko abesbatza bailiran. Laguntza behar zuenak bizilaguna izan zuen alboan, eta gertakari horren ostean, lagun minak dira egun.

Itzalaldiak iraun zuen ordu batzuetan herritarrek "hain presazkoak eta garrantzitsuak" ziren egiteko horiek ahaztu zituzten, eta bizitzan benetan garrantzitsuak diren gauza txikiei erreparatzeko tartea hartu zuten. Tristea da, ordea, horretarako itzalaldi masibo bat gertatu behar izatea. Tristea da deskonektatuta geratu behar izatea benetan arreta merezi duen horri erreparatzeko. Ia derrigortuta gozatu genuen egunerokotasunak eskaintzen dizkigun altxor txikiez, eta horrek ezin du posible izan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide