Emakume beteranoen liga eta udala saritu ditu Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak

Maddi Txintxurreta 2025eko ekainaren 12a

Gisaski galan saria jaso zutenen taldeko irudia. (GSF)

Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak Intza Lizarazu azkoitiarra ere saritu zuen atzo Zarautzen egindako galan.

Atzo arratsaldean Gisaski galaren hirugarren edizioa hartu zuen Zarauzko Modelo aretoak. Kirol hori garatzeko ekarpen nabarmena egin duten jokalari, klub eta erakundeak aitortzea da ekitaldi horren helburua, eta, atzokoan, eskualdera banatu zituzten sarietako batzuk. Zehazki, Zarauzko Udalak erakundeen saria jaso zuen, emakume beteranoen ligak azken denboraldiko ekimen nabarmenarena (ZAST Queens taldeak sustutatu eta parte hartu du), eta Intza Lizarazu azkoitiarrak kirolari nabarmenduarena.

Gipuzkoako saskibaloiaren historia ospatu, une gogoangarriak oroitu eta kirol horretan eragin nabamena izan duten pertsonak aitortu zituzten atzo arratsaldean Zarautzen egindako ekitaldian."Helburu nagusia izan da urteetan zehar isilpean eta konpromisoz lanean jardun duten pertsonen lana ikusaraztea eta eskertzea, Gipuzkoako saskibaloiaren garapenean funtsezko ekarpena egin baitute. Era berean, kirolaririk nabarmenenak, jardunbide egokiak sustatzen dituzten klubak eta urteurren esanguratsuak ospatzen dituzten erakundeak ere aitortzen dira", azaldu dute antolatzaileek.

Gisaski galaren hirugarren edizioa Zarauzko Udalarekin eta Zast klubarekin antolatu du Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak eta, hain zuzen, hiru sari banatu zituzten herri horretan: erakundeen saria udalak jaso zuen, 2024-2025 denboraldiko ekimen nabarmenarena beteranen ligako jokalariek, eta babesleen aitortza Autocares Ulacia enpresak jaso zuen.

Zarauzkoak, ordea, ez dira Urola Kostan lur hartu duten sari bakarrak: Intza Lizarazu Azkoitiko saskibaloi jokalariak kirolari nabarmenduaren saria jaso zuen. Iraurgi taldean 23 urtez jokatu ostean, Lizarazuk aurten utzi ditu saskibaloi kantxak eta, hain zuzen, bere "ibilbide eredugarria" eta klubarekiko erakutsi duen "leialtasuna" goraipatu zuten federaziokoek denboraldi amaierako ekitaldian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide