"Turismoaren negozioaren aurka" martxan jarritako dinamika aurkeztuko du Kontseilu Sozialistak

Mireia Galarza Bastida 2025eko ekainaren 11

Etxebizitza turistiko bat. (Artxiboa)

Larunbatean, hilak 14, izango da aurkezpen saioa, Hiruputzu Gaztetxean 10:30ean hasita. Talde sozialistak azaldu duenez, "gure herriak izugarrizko irabazi iturri dira turismotik negozioa egiten dutenentzat", eta horrek langileen "miseria eta esplotazioa" ezkutatzen ditu, besteak beste. 

"Turismoaren negozioaren aurka", Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak dinamika bat jarri dute martxan, eta hori aurkezteko bilera irekia egingo dute larunbatean, hilak 14, Hiruputzu Gaztetxean 10:30ean hasita.

Talde sozialistak azaldu duenez, "gure herriak izugarrizko irabazi iturri dira turismotik negozioa egiten dutenentzat". "Postaletako hirien atzean", ordea, bertako langileen "miseria eta esplotazioa" ezkutatzen dira, eta gentrifikazioa ere "indartzen" du aipatutako negozioak. Horrek, gainera, prezioen "garestitzea" dakar, eta etxebizitzetarako sarbidea "izugarri" zailtzen du, "askotan herritik alde egin behar izateraino". Bestetik, turismoari lotutako lanetan "prekaritatea nagusi" dela gehitu du Kontseilu Sozialistak, eta politikariek, gainera, turistifikazio prozesu hau "baimendu eta bultzatu" egiten dutela, "enpresari eta jabeen interesei men eginez". Gai horietaz hausnartzeko eta antolatzen hasteko deitu dute bilera. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide